Abagune: Luzaro itxaro beharreko une egokia; hortik heldu da antzinakoek burusoil irudikatzeko ohitura. Abantaila: Besteek eramaten diguten alde, oro har, eraman ezina. Adierazpen askatasun: Komeni dena, nahi bezain ozenki, esateko eskubidea. Apalategi: Libururen bat plazaratu duten idazle harro askoren otzan-tokia. Argazki (makina): Uneen betikotzailea, bizipenen geroragailua. Ikusi ezin izan dituzun tokietan egon zarela lagun eta senitartekoei erakuste soilaz darabilen tortura-tresna. Baina: Lokailurik gazi-gozoena. Bekaizti: Irizpide onaz zure nagusitasuna ezagutzen duen laguna, eta hori ordain zintzo bakarrarekin erakusten dizuna, gehienbat aitortu gabe. Bidaiatu: Bertan egon nahi ez duzula oraindik ez dakizun toki batera (komunzki, nekatuta) iritsi. Buruko min: Herentziazko eritasuna, hala gurasoengandik nola seme-alabengandik kutsatua. Demagogo: Zure argudioak modu argiagoan adierazten dituen izaki ahoduna. Depresio: Tristura prebentiboa, bizitzak ezinbestean ekarriko dituen atsekabeen aurrean. Dohainik: Oraindik ezagutu gabeko prezio altu batean. Dokumental: Helduentzako alegia animaliaduna, zeinaren bitartez ikas baitezakegu nola harrapatzen duen zizarea apoak, apoa sugeak, sugea tigreak, tigrea gizakiak eta gizakia loak. Doministiku: Birus eta bakterioen bizitza soziala. Ezkontza: Dibortzioen kausa nagusia. Gu: Pluraleko lehen pertsona gramatikala. Bi adiera onar ditzake, inklusiboa eta esklusiboa, entzulea bere baitan hartzen duen ala ez; nola erabiltzen ari den zehazteko, entzuleak erabaki behar du bietako zein den onuragarriena (singularreko lehen pertsonarentzat). Hitzaurre: “Testu batean, ondoren idatzi, lehenago paratu, eta ez lehenago ez ondoren irakurtzen ez den zatia”. (D. Segre). Homofobo: Adiskide homosexual ugari dituen pertsona, haien kontra esan beharrekoa eztitzearren (ala frogatzearren) ezer baino lehen beti gogoratu ohi duen modura. Igogailu: Kasurik hoberenean jaisteko ere balio duen metereologia-estazio ibiltaria. Internet: Eternitatearen azken interfazea; munduan den orok ezin du saihestu sub specie internetatis jardutea. Izenburu: Obra bati ematen zaion izena; hizki handiagoetan idatzita egoten dena. Gaur egun izen sintagma batek osatuta dago gehienetan, aditz bat onar badezakeen arren; edonola, labur eta argia izatea lehenesten da, liburu dendaririk ezjakinenak ere gogoratzeko modukoa. Kutxazain automatiko: Kapitalismoaren konfesatokia. Maitasun: Gaizkiulertu (gehienbat izaera literariokoak) askoren metaketa. Delako egoera, elkarrenganakoan eta bi pertsonen artean, ematen denean, harreman bat ezarrita konpondu ohi da modu behin-behinekoan. Olatu (segida): Itsasozko paisaietan, zeruertzaren mugagabetasun besarkatu ezina termino gizatiarragoetara itzultzen eta ulertarazten duten azpitituluak (behin eta berriz hasiak). Parentesi: Erudizioaren aharrausia. Plagio: Antzinako Erroman, esklabo baten lapurreta; gaurkoan, lapurreta baten esklabotza. Sekretu: Bularrean sentitzen den zama pisutsua, konfiantzazko adiskide batengan deskargatu ohi duguna, gu baino indartsuagoa izan eta kontsolamendu berdina inor gehiagorengan bilatuko ez dezala alferrik itxaro izanik. Txaloak: Baliabidea, zeinaren bitartez publikoak bere burua ezagutzen duen hautu, gustu oneko eta esna. Zoriontasun: Norberaren hurbil baina beti gelditu gabe pasatzen den sentimendua. Zuhaitz: Naturan lausoki inspiratutako hiri-hornigarria.
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa