"Andaluzian jaio banintz toreroa izango nintzen"

Juan Gorriti
Juan GorritiJosu Santesteban

Hara zer urtetan jaio zen ez dakien gizona!


Karneta galdu nuenetik ez dut sekula jakiten 1942 edo 1943koa naizen, baina uste dut 1941ean jaio nintzela. Zer inporta du?

Arrazoi duzu, artea da inporta duena.


Denbora da artistarik handiena. Horregatik bihurtzen ditu koadro eta eskultura garai bateko miseriak. Nik Oteizari aspaldi esan nion: “Hori artea bada ni galeria batean jaio nintzen!”.

Lekutan utzi duzu zurea art brut definitzen duen jakintsua!


Ni txoriak bezalakoa naiz. Txoriek hegan egiten dute baina ez dakite txantxangorriak, zozoak, txepetxak ala zapelatzak diren. Guk jartzen dizkiegu izenak. Art brut ala art prut, nik ez dakit zer egiten dudan!

Oteizaren ustez eskulturei ateak jartzen dizkiezu.


Maixu handia zen Jorge, eta bi gauza erakutsi zizkidan: Euskal Herria maite nuena baino gehiago maitatzen, eta ostrak jaten. Pentsa, orain ostrak pintatu egiten ditut!

Esango dute berriz laugarren dimentsioa dela zurea.


Laugarren dimentsioa bihotzean dago, denboraren eta maitasunaren artean.


Denbora gora eta denbora behera, zu adinarekin obsesionatuta zaude!


Nik 500 urte ditut, baina arbolekin bezala gertatzen da. Batzuk 60 urterekin zaharrak dira eta beste batzuk 200ekin gazteak.

500 urteko eskultoreak bere bezeroak hautatzeko askatasuna dauka?


Askatasun oso-osoa. Aberaskiloei sekulako dirutza kobratzen diet xumeagoei oparitu ahal izateko. Baina Lucio Urtubiak esango lukeen bezala, ez dut lapurretarik egiten, justizia baizik.

Hori da hori konpromisoa!


Andaluzian jaio banintz toreroa izango nintzen. Baina Euskal Herrian sortua naiz, eta herri honen malkoarekin konprometituko ez banintz zer artista klase nintzateke?

Adar jotzailea, akaso?


Behin jauntxo bat etorri zitzaidan adreiluan inbertitzeari utzi eta artean inbertitu nahi zuela esanez. Humanidadearen lehen artista artzaina denez, gaztatan inbertitzeko aholkatu nion, sekulako forma zeukatela, eta ardoari eskulturek baino hobeki laguntzen ziotela. Ez zen gehiago itzuli... kar, kar, kar!

Zuri, ordea, hil eta gero ere itzultzeko intentzioa nabari zaizu.


Jaio ez nintzenez ez naiz hilko. Laboarekin ibiliko naiz laino arteko taberna horretan ardo ona edaten. Maitasuna duen pertsona bat ez da desagertzen, baina gauzak gertatu arte, ezin jakin zer daukagun barrenean.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude