I Dozena erdi bertso jartzera nintzen behin konprometitu kanpora noa eta maleta egin gabe nor abitu. Hementxe nabil bi lanak nahastuz eseri eta zutitu errima on bat bilatu eta kantzontziloak aurkitu… azken orduan lan egiteak bentajak ere baditu! II Azken orduko lana ez da beti perezosoen ezkutu askotan hala izaten dela nahiz eta geuk ezagutu. Lanak aurretik egitea da kontzientziaren imutu hau zuzendu ta hura aldatu zuzenketekin damutu… Azken orduan dabilen harek ezin du ezer ikutu. III Azken orduan lan egitea ardura eskasa dala azken orduan lanak egiten ditugula nolahala. Ez nago ados, ez al da hobe okupazio hutsala? pre-okupazio epeak behar du luzea eta zabala Camilo José Celaren siestek ta sofa onek bezala. IV Azken orduan lan egiteko gure ohitura ta grina nerbioentzat ez izan arren oso plater atsegina. Baldin lanaren emaitza bada kaxkarra edo erkina erlojupeko presati hori kontsolatzen da jakina… pentsatuz: “Behintzat orekan daude emaitza ta ahalegina”. V Azken orduan makina bat lan egiten dira bizitzan Jainkoa bera mundua sortzen juxtu juxtu ibili zan. Larunbata ere heldu zitzaion lan guztiak buka zitzan azken orduan aritzen dena ezin hartu alfer gisan: egitekoak egiten ditu nahiz azken orduan izan. VI Azken orduan zedozer ongi irtenez gero tarteka bukatzen duzu konfiantza ta ziurtasunez beteta. Hori bentaja handia dugu baina zoririk ez tenta… Pasaportea, hiru pirata, txankletak, lau kamixeta… hara! bertsoak amaitu ditut ta itxuratu dut maleta. Doinua: “Hil da Canovas”.
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa