Astekaria

 Liburuak 

Belazea sutan, azukrea lautadetan

Gorka Bereziartua

Gorka Bereziartua


2195. alea
2009-08-02
alde 0    kontra 0
Azukrea belazeetan

Inazio Mujika Iraola ::Azukrea belazeetan

Erein

orrialdeak ::176

prezioa ::11.50€

Sekula egiaztatzerik izan ez dudan anekdotak honela dio: Gabriel García Marquezek, bere estiloari gatz gehiago nondik botako, kamioikada bat liburu hartu zuela, eta bere burua isolatu, haiek irakurtzeko. Ari dela, ari dela, han joan zaio adiskide bat. Pilatuta dauzkan liburuak begiratu, eta atzaparkada batekin haizeak hartzera bidali ditu erdiak. Gero, bakeroen atzeko poltsikotik liburuxka bat atera dio, 200 orri eskas, eta esan: “Hau irakur ezak, eta esango didak”. Gabok Pedro Paramo irakurri zuen liburuaren azalean, Juan Rulfo delako batek idatzitako nobela. Hura leitu ondoren etorriko zen Macondo. Handik ikasiak omen Cien años de soledaden erabiliko zituen trikimailu tekniko batzuk, hala nola, narrazio-denboraren “dislokazioa”.

Inazio Mujika Iraolaren Azukrea belazeetan ipuin bilduman ere ageri zaigu Rulfo, bizpahiru kontakizunen atariko aipuetan. Ez dut uste kasualitatea denik. Izan ere, 1987ko lan honi, Pedro Paramorena ez, baina mexikarrak idatzitako Lautada sutan ipuin bildumaren traza hartu diot. Zenbait alorretan antzekotasunak nabarmenak dira: nekazal giroan kokatutako istorioak dira bi liburuetakoak; biek ala biek darabilte hizkera oso herrikoia; gordinak dira istorio askoren amaierak, baina oso modu sotilean daude kontatuta... Eta biak dira ipuin liburu bikainak. Rulforenean lautadak ematen die batasuna ipuinei; Mujikarenean mendi aldeko auzuneak. Eta hasierako narrazioek ukitu fantastikoren bat badute ere, tonu errealistakoak dira oro har. Beharrezkoa, bidenabar, nekazal munduaren behazunezko malkoez berba egiteko.

Azukrea belazeetanen badira pasarteak, hilketa batzuen deskribapenak adibidez –bereziki Begiak zabalikekoa– ipuina galduko luketenak pultsu handiko narratzaile batek kontatu ezean. Baina Mujikak, orduan 24 urte, ederki zekien zer egin nahi zuen. Horri esker irakurleak ez du tentsio narratiboa behin ere galduko –salbu eta, agian, Hezeak ezkoari deien, nire ustez hori baita liburuari ken dakiokeen gizen bakarra–. 22 urte beranduago, arrunt gozagarria da liburu honen irakurtzea.

Gainera, sekula kontatu ez didaten anekdota batek zera dio: Bernardo Atxagak, narratibari ekiteko gogoz, hartu omen zuela kamioikada bat liburu, eta bere burua isolatu, haiek irakurtzeko. Ari dela, ari dela, han joan zaio adiskide bat. Pilatuta dauzkan liburuak begiratu, eta atzaparkada batekin haizeak hartzera bidali ditu erdiak. Gero, bakeroen atzeko poltsikotik liburuxka bat atera dio, 200 orrira ez da iristen. “Hau irakur ezak, eta esango didak”. Atxagak Azukrea belazeetan ikusi zuen azalean. Gero etorriko zen Obaba. Baina hara iristeko, uste dut ezinbestekoa izan zela Uheskako zulotik, Perretxetik eta Olamuinotik pasatzea.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 1# | Txomin | 2009-08-25 08:55:12

    Hona Inaziorenaz

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza