Astekaria

 Denboraren makina 

Tintini kontu eske

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


2194. alea
2009-07-26
alde 0    kontra 0
Tintin
Tintin

Brusela, 1929ko urtarrila. Georges Rémi Hergé (1907-1983) marrazkilaria Tintin  pertsonaiaren lehen abenturak, Tintin sobieten herrialdean, argitaratzen hasi zen emanaldika. Komikiaren atalak Le Petit Vingtièmen eman zituen, Vingtième Siècle egunkari katolikoaren barruan Hergék berak sortutako haurrentzako gehigarrian. Sobietarren aurkako lan hark berehalako arrakasta izan zuen eta pertsonaia jaioberria komikiaren historiaren izar nagusietakoa bilakatu zen.

Handik hamaika urtera, 1940ko udaberrian, alemaniarrek Belgika okupatu zuten. Nazien inbasioak eragin handia izan zuen, oro har, loratzen ari zen belgikar komikigintzan, eta bereziki Hergéren ibilbidean.

1942an AEBk Bigarren Mundu Gerran sartzea erabaki zuenean, alemaniarrek estatubatuarren komikiak debekatu zituzten okupatutako herrialdeetan eta, beraz, Belgikan. AEBkoa zen munduko komiki industria garatuena eta nazien erabakiak hutsune handia utzi zuen merkatuan. Hutsune hori betetzeko belgikar komikigileen lana sustatu zen, Edgar P. Jacobs, Jijé, Willy Vandersteen eta, noski, Hergérena. Hala, debekuari esker jauzi handia egin zen Belgikako marrazkilarien profesionalizazioan eta haien uztaren hedapenean.

Alemaniarren inbasioaren ondorioz, Vingtième Siècle egunkaria itxi egin zuten, baina Tintin ez zen luzaroan geldirik egon. 1940ko urrian bertan Le Soir egunkarian agertu zen, nazien propagandak germanofobia arintzeko eta anglofilia deuseztatzeko tresna gisa baliatu zuen agerkarian.

Bigarren Mundu Gerran Tintinen merkatua asko zabaldu zen. 1939an 34.000 album saldu zituen; 1940 eta 1945 bitartean, herrialdea nazien kontrolpean zegoenean, 324.000ra iritsi zen.

Gerra amaituta, ordea, kritika gogorrak jasotzen hasi zen. Hergéri naziekin kolaboratzea egotzi zioten Le Soir-entzat lan egiteagatik, eta arrazistatzat ere jo zuten, gerra aurreko Tintinen abentura bat oinarri hartuta. Tintin Kongon (1931) lanaren jatorrizko bertsioan  Hergék afrikarrak gutxietsi zituen: pigmeoak giza zoo batean ageri dira eta bertako biztanleek elefanteek baino frantses kaxkarragoan hitz egiten zuten. Garai hartan, Kongo Belgikako kolonia nagusia zen eta Hergék garaiko pentsamoldea islatu zuela esanez babestu zuen bere burua. Nazien aldeko ustezko jarrera gezurtatzeko, berriz, hauxe bota zuen: “Nire lana baino ez nuen egin, meatzari batek, tranbia kobratzaile batek edo okin batek bezala”.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia