Astekaria

 Liburuak 

Zer gera gu?

Xabier Etxaniz Erle

Xabier Etxaniz Erle


2194. alea
2009-07-26
alde 0    kontra 0

Arrate Egaña ::Ni naizen guztia

Erein

orrialdeak ::28

prezioa ::6.50€

“Zer gera gu?” galdetzen zuen duela hamarkada batzuetako kantak. Orain, postmodernitatearen ondoren, “zer gara gu” hori “zer naiz ni” bilakatu da gure gizartean. Arrate Egañaren liburu honek, baina, ez du bakardadea, ez du lehiakortasuna islatzen, gutako bakoitzaren benetako izaera zer den baizik.

Jakina, antzinatik filosofoek beren buruari egiten dioten galdera hori oraingoan haurrentzako liburu batean ageri zaigu; hots, haur txikiei kontatzeko moduan, planteatzeko moduan dago eginik. Eta erantzuna, egokia izatekotan, hartzailearekin komunikazioa izatekotan, egokia izan behar.

Ni naizen guztia, bestalde, jolas bat da. Narratzailea neskatila bat dugu, bere bizitzako egun batean, esnatzen denetik gauean lokartu bitartean, zer egiten duen eta zer sentitzen duen kontatzen digun neskatila da liburu honetako narratzailea. Horrela, goizean enbor bat da –“ez naiz oso umore onez ibiltzen, egurrezkoak ditut gorputza eta aurpegia”–, ondoren txori bilakatuko da eskolarako bidean “saltoka eta korrika”, lastargi eskolan, munstroa jolastokian… eta egunak aurrera egin ahala izaera eta sentimendu ezberdinetako gauza eta izaki izango da narratzailea. Konparaketa horietan oinarritu da Egaña liburuaren nondik norakoa egiteko; eguneroko une ezberdinetan egoerek sorrarazten dizkiguten sentimenduen inguruko konparaketetan. Ideia labur, sinple, argi horiek Mari Mar Agirreren irudietan argi eta garbi islatzen dira, gainera, ulermena laguntzeko, testua osatzeko.

Liburuak gauzen sinpletasuna eta izaera bakarra errebindikatu edo islatu beharrean, konplexutasunaren aldeko aldarria dugu. Zer gera gu? galdera hari –edo zer naiz ni oraingoari– erantzun bakarra eman beharrean Egañak erantzun multzo bat proposatzen digu. Liburuko narratzailea enborra dela esan dugu, baina baita txoria, lastargia, munstroa, puxika, sagutxoa, pailazoa, bikingoa, kapitaina… horiek guztiak direla esaten digu neska gazte narratzaileak, baina benetan zer den galderak azken orrian izango du erantzuna, aurreko guztien gainetik dagoena eta aurreko guztiak hartzen dituen erantzuna. Eta hain zuzen erantzun horrek ematen dio zentzua, osotasuna, liburuari eta liburuak planteatzen digun galderari.

Arrate Egaña eta Mari Mar Agirreren artean eskaintzen diguten liburu hau, ikusi den bezala, jolas bat da, nahiko kontu serioa ukitzen duela eman arren; entretenimendu alaia, dibertitzeko eta ondo pasatzeko aukera bat… haur txikientzako literatura hain zuzen.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza