Astekaria

 Bestelakoak 

Mende erdi

Efemeride egokia izan zitekeen patxadazko atzera begirakoa egiteko. Diktadura, industrializazioa, ikastolak, autonomia estatutuak, departamendua, koofizialtasunaren lorpenak eta miseriak, Lizarra-Garazi... Auziak itxi barik egoteak ezinezko egiten du argilunez mintzatzea. Ilun derrigortuen eta debekatutako argien adierazpen askatasun murriztea bizi dugu. Espainiak arrakasta nabarmenak lortu ditu: Lizarrako lezioak beretzat hartu eta Bushen aldia ezin hobeto probestu du (Putinek Txetxenian lortu duen legez). Eta independentismoak ez du lortu oldarrari neurria hartzea. Ondorioa argia da: sufrimenduaren/errepresioaren sozializioa, ETAko militanteetatik ezker abertzaleak nolabaiteko harremana daukan edozein arlotara. Eta Europaren legitimazioa, azkenik. Aznar atzean utzita Espainiak Europako herririk ezkertiarrenaren fama dauka. Gorria hautsia baino lehen. Diktadura egonkortu zenean abertzaletasun modernoa sortzeko gai izan ziren, 1968ko haize iraultzaileetan egokitzen asmatu zuten. Militarrek beren neurrira baimendutako trantsizioan ere –eta are gerra zikineko urteetan– oldar armatua auzo eta herrietako behetik gorako lanarekiko modu paraleloan garatu zen. Estatua eratzeko zutabe sendo horiek kale egin zuten, horratik. Sobietar inperioaren erorketari neurria berandu hartu (Lizarra, 98) eta New Yorkeko erasoen ondorioak iragarri ezinik, etsipenean murgildu da independentismoa –hala ere, kritikak kritika, borrokatzeko eta sufritzeko gaitasun harrigarria duten milaka lagunen ausardia aintzat hartu behar da–. Duela mende erdi, hondoa jotako abertzaletasuna berreraikitzen asmatu zuten. Gaur 800 preso, Nafarroa-EAE inoiz baino urrunago eta gerrilla bideak ezinbesteko duen kanpoko babesa erabat agortuta dago. Alde du Espainiaren izaera: Europako aberats berriaren konplexuarekin jarraitzen du, eta ondo dakizki bere demokraziaren mugak. Barneko nazioen arazoarekin Belgikak edo Erresuma Batuak legez jokatzen saiatu ordez, kuarteletako urduritasunaren berriak datozkigu behin eta berriz zeinen hauskorra den gogoratu bezain laster –bidenabar, behin eta berriz borroka armatuaren zilegitasun handiena emanez–. Ibarretxeri argi utzi zioten eta atzera egin zuen. Hurrengoan, Espainiaren izaera ondo ezagututa –Eskozia? Groenlandia?– neurria hartuta izatea du independentismoak kanpoko erronka. Eta barnekoa, zailena: benetako indar metaketa. Iraganeko bizioak, hegemonismoak eta matxokeriazko bular kolpeak bazter utzita, XXI. mendeko independentismoa berreraikitzea.

Urtzi  Urrutikoetxea

Urtzi Urrutikoetxea


2194. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
(Iņigo Azkona)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia