Astekaria

 Landareak 

Salatari-malatari

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2193. alea
2009-07-19
alde 0    kontra 0

Gaitzen eta izurriteen ekinaren gorabeheren berri izateko, landare mota ahulak edo berak direnak jartzen dira. Ilenak, Calendula officinalis, udaberriko baba handiak bezala, Vicia faba var. major, zorriak erakartzen ditu. Bost bat belaunaldi zorri hazten da urtero, lehen biak landare batean hartzen dute ostatu eta hirugarrenetik atzera hegoak garatu eta, sasoi beroeneko turisten gisa, apopilo hartuko dituzten beste landare batzuen bila zabaltzen dira. Aldameneko beste landareetara hedatu aurretik, lehen belaunaldiak hazi dituzten ilenetan edo babetan bertan akabatu ditzakegu.

Mahastien ipularretako mugetan arrosa-landareak maiz ikusiko dituzu. Ardoari aparteko buketa eransteko jartzen direla entzun izan badut ere, mahatsondoari kalte latzak eragiten dizkieten gaitzak bertaratu direla jakiteko dela iruditzen zait. Gorrinak, herdoilak, zurinak, zanbroak eta onddoek sortutako antzeko gaitzek ondo gustukoa dute arrosondoa (Rosa sp.) eta haren egoerak ederki adierazten du mahastiari zer datorkion. Gaitza denean zabaldua izango da baina sintomak lehenago ageriko dira arrosondoan. Behin aztarrenak aterata, mahatsondoak (Vitis vinifera) sendabidean jartzeko, aurrea hartzeko zein tratamendu eginez atzea nola dantzatu badakigu. Gaitzaren erasoa erdipurdikoa bada, bere zantzuak ere hala moduzkoak izango dira arrosondoan, eta mahastiaren atzea tratatu gabe dantzatzeko moduan gara, kategorian. Zenbait tokitan, mahastien aldean urri, sagastietan ere ikusi izan ditut arrosondo salatari-malatari hauek. Gaitzok, onddoak izaki, hezetasuna medio ugaltzen direnez, eta sagardotarako sagarrondoa (Malus x domestica) Euskal Herri hezean lantzen denez, sagastien jiran arrosondoak jartzea ez da burutazio makala.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia