I Zenbaitentzako opor garaia gerturatu da seguru eta gaur hari buruz bertsoak jartzea nuke helburu. Azken urtetan gure bizitzan parte handia hartu du prestakuntzako lanetik ere zientzia bat egin dugu. II Ume garaian gutxik zeukaten beraneorako sosik: guk kanpinaz gain ez dugu izan estantzia aproposik. Hiru astean txankletak jantzi ta erdietan ortozik... non geunden ere ez genekien... eta halere ze pozik! III Gaur egun berriz, bi eguneko zubi xaxtar bat denean, hotelak bete egiten dira geografia denean. Lotsarik gabe “Zu nora zoaz?” galdetzen da zuzenean. Ez joateak lotsa emango ote digu azkenean? IV Lehengo batean egun batzuen aukera hurbildu ahala aipatu nuen Nafar aldera joan asmoa neukala. Ta inguruan ia normala izango balitz bezala, ondorioa atera zuten inora ez nindoala. V Ta ikasleak, ai ikasleak... besteren kontu, jakina, lau bat urtean ikusten dute edozein mundu-izkina. Erasmuseko lagun-aitzaki London bezala Pekina... Obamak baino sarriagotan hartzen dute hegazkina. VI Espainia aldeko nekazaletxe, Paradore ta posada... Amsterdameko alberge kutre, Karibeko hotel plaga... Fakturazio ta overbooking eskala eta jet-lag-a... oporra ez da urrun joatea, lanik ez egitea da. Doinua: “Andre txarraren bentajak”.
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa