I Aspaldi hontan bihurtu nauzu postariaren bezero. Buzoi barruan begiratzen det esnatu eta goizero. Karta ireki ta irakurriz irri egin goxokiro! Zu nolakoa zaren jakinda, ezin besterik espero, gutunak bihotz ondon jarrita hartu ohi det lo gauero. II Oraindik ez du argitu baino eguna dator oskarbi. Negu erdian udaberriko egunsenti bat dirudi! Gauez izotzak estali ditu soro, baso ta belardi. Mendi arteko eguzki printzek nahiz itsu utzi bi begi, zure hitzetan maitasun asko irakur dezaket garbi. III Ez dut gogoan noiz jaso nuen bidali zendun lehena, baina oraindik eskuetan dut iritsi zaidan azkena. Hitz goxo eta maitasunezko esaldiak dituena. Korrespondentzi hau bihurtu zait bizitzan gauz ederrena! Zure gutunek alaitzen dute nire egun tristeena. IV Zazpi bat urte izango dira elkar urrundu ginela. Erabakia hartu genuen, ezin zen bizi bestela. Hain dago triste, hain dago hotza gure etxeko logela! Amestu arren gauez zu nire ohean sartzen zarela, ezta mantarik emango dunik zuk adinako epela. V Zuk ez duzu nahi, edo agian oaindik ez zara kontura! Plater huts batek, mahai buruan ematen duen tristura. Garai batean etorkizunak hartua zuen itxura, ilusioa, maitasuna ta bizipozaren freskura... Berriro ere nere ondora nahi zinduzket berreskura. VI Gure arteko erlazioa amildegiaren mugan ikusten hasi ginen unean jarri ginen biok dudan! Aipatu arren, jarri dezagun esperantza pixkat gugan, geroztik jada ez dakit zenbat gutun erantzun ditudan! Zuk aberria maite zenuen ta nik zu maite zintudan! VII Bakardadeak eragin dizkit nik ez dakit zenbat kalte! Nahiz urrun egon, jakin nigandik ez zaude oso aparte. Aspaldi hontan paperez eta boligrafoz zaitut maite! Seilurik gabe dijoan gutun honen jabe egin zaite ta gorde zazu egunen baten berriro ikusi arte! VIII Zita goxo bat jarri dezagun komeni den egunean. Egunez ez da horren xamurra, hobe gauez ta klabean. Hain guapo zauden txuri beltzeko argazki xahar bat aldean, esker eskuan lore sorta bat, nerbio denak aidean! Zure muxu ta besarkaden zain Baionako kostaldean. Doinua:“Aita izena”. Usurbilgo Santixabeletako XXXIII. Bertso Paper Sariketaren irabazlea.
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa