Astekaria

 Ihesi 

Donostia (Gipuzkoa)

Uliaren bizkar ozeanikoa

Donostiako paraje ederrenetako batean murgilduko gara, askorentzat ezezaguna dena: Ulia mendiaren itsasbazter bakartia. Nafarroako etorbideko gasolindegian abiatuta, pintura arrasto zuri-gorriek aldapa gora gidatuko gaituzte, tranbiaren bide zaharreraino; ondoren, basoa zeharkatuta, Kunbako Zuloa senaiaren gaineko begiratokiraino. Zidorrean aurrera, iraganeko lehen arrastoak azalduko zaizkigu: ospe handia izan zuen Kutraiako iturri orain lehorra eta XIX. mendeko galtzada, Uliako bideak egunero garbitzen dituen Josetxo Mayor jubilatuak nahigabeko arkeologian deskubritu zuena. Hark eginak dira xendan maiz topatuko ditugun eskaileratxoak. Aldapa batean, arrasto zuri-gorriak utzi eta itsasorantz joko dugu, Talaiako haitzetarantz, bi bota txiki irudikatzen dituzten marka horiak jarraituz. Baleak zelatatzeko erabili ziren harkaitz hauetan ikusiko ditugu ibilbideko lehenengo eskultura naturalak: haizeak eta euriak zizelkatutako gangak, leihoak, arkuak… Hareharrien museoan sartuko gara hemendik aurrera, bailara txiki baina sakonetan eta itsasorantz burua ateratzeko aukera ematen diguten labarretan. Zenbat donostiarrek ezagutzen dute Murgitako badia? Inguru horretan estraperloan aritzen ziren baserritarrak bezain bakarti ibiliko gara gu ere. Eta aurrerago, XIX. mendeko Donostia txikiaren egarriak asetzeko eraiki zituzten ubideak eta tunelak zeharkatuko ditugu. Bi itsasargik adieraziko digute txangoaren amaiera: La Platakoa, amildegi zorabiagarri baten gainean kokaturik dagoen gaztelu baten gisan, eta Senoko Zulokoa, umilagoa, badiaren aho estuan gordeta. Pasai San Pedron zein Donibanen, txakolinarekin eta pintxoekin arindu ditzakegu bideko nekeak. Hiru orduko bidea, asko jota. Beste ihesaldi batzuk: Lete (Nafarroa): Erromanikoa bere apalean (Patxi Larrion) Larraine (Zuberoa): Pistako uren jauzi miresgarria (Allande Sokarros) Oto Goien (Araba): Bakarrik, ilunpean (Oihane Perea) Lizarraga (Nafarroa): San Adrian, Sakana gaineko balkoia (Gontzal Agote) Akamarre (Nafarroa Beherea): Bidouze, barnealdeko portua (Itxaro Borda) Dima (Bizkaia): Arratia oinpean, lamiak gogoan (Iban Gortazar) Bidarte (Lapurdi): Gaztelupeko hondartza (Kike Amonarriz)

Irudia

Ander Izagirre


2192. alea
2009-07-12
alde 0    kontra 0
Donostia
Donostia (Dani Blanco)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza