Astekaria

 Ihesi 

Bidarte (Lapurdi)

Gaztelupeko hondartza

Euskal Herriko hondartzen artean bada bat bereziki maite dudana. Seguruenik, ez da ez politena, ez handiena eta ez ikusgarriena izango, baina Bidarte eta Miarritze artean dagoen Ilbarritzeko hondartzak badu itzularaziko zaituen xarma ezkutua. Labarren gaineko muinoan, itsasargia bailitzan, misteriotsu eta eder, ageri den izen bereko gaztelua izan liteke arrazoietako bat. Enbata sartzen delarik edo ekaitzak jotzen duen egunetan, Psycho filmeko etxearen antz izugarria –hitzaren bi zentzuetan– hartuko diozu. Gaztelua altxarazi zuen Espée-ko baroiak eremu isolatu bat eraiki nahi izan zuen, bera baino hogei urte gazteagoa zen Bian Duhamel aktoresarekin bizi zuen amodiozko istorioa mundutik babesteko. Gazteluaren aire misteriotsuak bat egiten du hondartzaren edertasunarekin eta itsas barruko harkaitzen harrotasunarekin. Lotsagabe azaleratzen dira hondar artetik, duela hogei bat urte hondartza “sortu” eta hondarrez “bete” zutenean galdu zuten askatasuna berreskuratu nahiko balute bezala. Komeria ugari izan dituzte urteotan udaleko arduradunek hondartza berriro hondarrez betetzeko. Itsaso bortitzak indar handiz erakarriko zaitu bertara murgilduz gero. Adi eta kontuz ibili, beraz, haurrekin joanez gero. Badute non jolastua inguruan. Berdegune zaindu batek eta oinezkoentzako bideak inguratzen dute hondartza. Aparkaleku zabalak gertu dituzu eta etxerik ez hondartza gainean. Arrainkia bazkaldu edo freskagarri bat hartu nahi izanez gero bertan dituzu jatetxea eta tabernatxoa. Ez beti, baina aldian behin zerbitzari euskaldunak ere topatuko dituzu. Eseri eta begirada ezkerrera itzulita, Jaizkibelek seinalatuko dizu Gipuzkoako kostaldearen hasiera-puntua, eskuinean, Landetako itsasertzaren marra sumatu ahal izango duzularik. Itsas ertzetik abiatuz gero, Getariaraino iritsi zaitezke, Bigarren Mundu Gerrako bunkerren hondakinak ikusiz edo kontrako norabidea hartu Miarritze aldera joz. Eta hondartzan ordu batzuk eman eta aspertu bazara, beti zer ikusia eskaintzen duen Miarritzera joan ahal izango zara; Ilbarritzera itzuliko zaren segurantzian. Beste ihesaldi batzuk: Lete (Nafarroa): Erromanikoa bere apalean (Patxi Larrion) Larraine (Zuberoa): Pistako uren jauzi miresgarria (Allande Sokarros) Oto Goien (Araba): Bakarrik, ilunpean (Oihane Perea) Donostia (Gipuzkoa): Uliaren bizkar ozeanikoa (Ander Izagirre) Lizarraga (Nafarroa): San Adrian, Sakana gaineko balkoia (Gontzal Agote) Akamarre (Nafarroa Beherea): Bidouze, barnealdeko portua (Itxaro Borda) Dima (Bizkaia): Arratia oinpean, lamiak gogoan (Iban Gortazar)

Kike Amonarriz

Kike Amonarriz


2192. alea
2009-07-12
alde 0    kontra 0
Bidarte
Bidarte (Gaizka Iroz)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza