Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-11 16:50:33
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2009-07-05 -- 2191.zenb

artikulu nagusira itzuli
Abertzaletasunaren hautu estrategikoak zaharkitu dira (Emilio Lopez Adan)

Emilio Lopez Adan

argazkia

Dani Blanco


Emilio Lopez Adan mediku ginekologoa eta idazlea da

Ez naiz sentimenduez ariko: abertzaletasuna “Euskal Herria maitatzea” baldin bada, edozein espainolista izan daiteke abertzale, eta ez diot diskutituko. Berriz, estrategiaz mintzo bagara, argia da kontzeptua: abertzaleek nahi izan dute –nahi dute…– Euskadiko burujabetza lortu, eta horretarako urrats politikoak eman dituzte. Burujabetza lortzeko batzuek estatu independente bat aldarrikatu dute, beste batzuek euskaldungoa begiratzeko gauza den autonomia, azken batzuek –gutxi…– estaturik gabeko herri eta hiri libreen federazioa.

Frankismoaren azken urteotako olde baikorraren segidan, trantsizioaren hasieran iruditu zitzaigun Hego Euskal Herriko gehiengoak onartuko zuela abertzaletasun politikoaren hegemonia. Denak posible zirudien. Eta gero, ez. Kontsigna iraultzaileak joan dira mundutik eta independentziaren ametsak erakargarritasuna galdu du; Espainian finkatu den demokraziak legitimitate osoa eman dio Euskal Herriko espainoltasunari eta herritarren aurkako terrorismoak denak zikindu gaitu: oro har, Euskadi Autonomoko gehiengo nazionalista murrizten ari da, Nafarroan abertzaletasuna zokoratu dute, eta Ipar Euskal Herrian anekdotikoa da.

Eusko Alderdi Jeltzaleak autonomiaren aukera egin zuen, baina hogeita hamar urtez aplikatu du administrazioa eta negozioak lotzeko “ondarearen estrategia”, Erkidego Autonomoaren jabetza jainkoak emana –eta betirako– balu bezala; hori ona izan bazaio klientela sortzeko, huts egin du kontzientzia nazionala eta hizkuntza hedatzeko. Gehiago dena, demokrazia errepresentatiboa ere desprestigiatu du, zeren eta nekez sinesten ahal baita etorkizuneko arazo ekonomiko eta ekologikoei aurre egiteko, herriaren parte hartzea errespetatzeko eta Euskadi indartzeko aukera hoberena... porlana dela: AHT, Pasaiako kanpoko portua, azpiegitura astunak...

Horra naziogintza eta demokrazia!

ETA eta ezker abertzalea, gainditua den borroka politiko-militarraren eskema luzatuz eta luzatuz, irabazteko estrategiatik urrundu dira eta nekez sendatuko den zauri bat utzi digute irekia. Egun, presoen eta errepresioaren arazoak konpondu behar badira ere, abangoardia armatua mantentzeko ahaleginak atzealdeko borrokak dira, burujabetza lortzeko indar harremanetan saihets ondorio galgarriak dituztenak. Alta, militante anitzek uste dute aurrera doazela, eta harrigarria da ikustea nola urteak eta urteak daramatzaten betiko sukar eta oldarraz, gehiago ez diren posibilitate estrategikoez mintzatzen, aspalditik ahitu diren aukerak aipatzen, inguruan denaz ohartu gabe.

Politikan, hogeita hamar urteko epea oso luzea da, eta, gainbehera ikusita, jende anitz aspertu da. Protagonistek ez dutela hutsik onartu nahi? Ezker abertzale ilegalizatua kontsolatzen dela bere kontzientzia faltsuari esker? Jeltzaleak biziko direla harrobi jabeen eta Aldundi zergen eskutik? Bejondeiela, baina estrategia desegokiak dira.

Aitzina egiteko badira pistak. Bat oso aipuan, ezkerreko polo soberanista. Ez litzateke gauza txarra izanen, edozer egiteko indarra ere oinarrizko batasunak ematen baitu. Abertzale eta ezkertiar askori bezala, haren alde egin behar dela iruditzen zait, eta ezker abertzale ilegalizatua bere harrokeria historikoa gainditzeko gauza dela sinetsi nahi nuke... ziur izan gabe.

Polo horren ardatza estatu propioaren eskatzea izan beharko dela, hori eztabaida daiteke. Oraingoan eta luzez, hemengo populazioaren gehiengoa ez dugu alde. Gero, Europa dela eta, burujabetzak ez du hemeretzigarren mendeko eremu bera, eta euskaldungoaren aitzinarazteko errekurtso egikorrak bil daitezke estatu gaberik. Oro har, etxean eta kanpoan beharko dugun oniritzia errazago lor genezake estatu berriaren “tragedia” martxan ezarri gabe.

Azkenik, euskaldungoaren oinarria euskaraz mintzatzen den jendetaldea izanik, ez litzateke hain gaizki euskaldunak elkartzeko eta politikan eragingarri egiteko estrategia berezi baten asmatzea. Munduan gaindi, anitz aipatzen dira jende eskubide kulturalak, eta Euskal Herri osoan bada zer egin euskaldunei toki zuzena emateko. Egun, euskaldunen elebitasuna inposatu da helburu “demokratiko” bezala, erdaldunei deus eskatu gabe, eta, zinez, eleaniztasun indibiduala aberasgarria bada, “elebitasun” sozial desorekatu horrek itotzen gaitu. Zuberoan ez da haboro naturalki euskaraz funtzionatzen den gazte talderik, non ez den horretarako propio egitaratu den multzoren bat... Zuberoa “aitzindari” gerta dakiguke, euskaldunak euskaraz bizitzeko kontzientzia ona eta baliabide sozialak lortzen ez baditugu.

Abertzaletasuna eta euskalduntasuna ez dira gauza bera; orain arte, politikan abertzaletasuna izan da bikoteko nagusia. Euskaldungoak, nazioaren oinarriak, ez luke tresna propiorik behar?

Erantzunak

euskal herriak autonomia lortuz ekonomia bobetu du ,eta independentzia lortuz berriz askoz hobeto ginake ,orduan hori lortzeko ahaleginak egin, eta espainiar legedia hutzi eta gure legedia asmatu behar dugu

iom 2009-07-06 08:07:35

Interesagarria da oso.

Eneko 2009-07-17 07:49:02

Hola, soy de Zaragoza. Estaria interesado en conseguir esa entrevista en castellano ya que he leido que es bastante interesante. Gracias por adelantado.

Andres 2009-08-18 16:37:19

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan