2009-07-05 -- 2191.zenb
Judit Fernandez
Ainhoa Larrañaga, HUHEZIko eta Lankiko kidea
Abertzaletasunaren erakarpen indarraren edo indarrik ezaren inguruan hitz egiterakoan, besteak beste, gaurko gizarte ereduaren gainean hitz egitea ezinbestekoa da. Komunikazioaren agintepean dagoen gizarte honetan, subjektuak egia asko jasotzen ditu handik eta hemendik. Egia absoluturik ez dagoen eta dena erlatibizatzen den gizartea da gurea. Identitate ikurrak ere, zalantzan dauden gizartea. Aipatu arrazoiak direla eta gure gazteak abertzaletasunarekin “seduzitzea” ez da erraza. Aberrigintzarako proiektu edo amets gauzagarri bat eskaintzeak erraztuko luke bidea, osterantzean, abertzaletasunaren errelebo generazionala ez da horren erraz etorriko.
Euskal identitatearen ezaugarriak eta garai bateko errebindikazio erromantikoek ez dute oihartzunik egun. Ez dago modan sustraitua egotea, edo norberaren nortasuna zaindu, garatu eta elikatzea. Nahiz eta inoiz baino beharrezkoagoa eta tresna indartsuagoa izan identitatea sendotu eta elikatzea. Sentipena daukagunok ere, ez dakigu zelan artikulatu eta zelan formulatu. Oro har, globalizazio fenomenoak, bere erpin ekonomiko, sozial eta kulturalarekin, abertzaletasuna eta aberrigintza auzitan jarri ditu.
Hau esan ondoren, badagokigu, eragile edo protagonistei begiratua jotzea.
Erakunde abertzaleek diskurtso abertzalea errebajatu egin dute eta elementu sinbolikoek bisibilitatea galdu dute. Abertzaletasun historiko-instituzionalaren estrategia izan da epelagoak erakartzea, eta horretarako, epelago agertzea jendartera. Logika osoa daukala dirudi analisi arin batekin, baina ez. Alderdi handiak –espainol zein euskaldun– batzuk alde batera eta besteak bestera mugitu dira. Esan nahi dut, sozialistak euskalduntxoago janzten dira –eta jantziko dira gehiago– eta jeltzaleak transbersalago (ia transfiguratu arte). Eta martxa honetan, aparatuak bihurtzen dira helburu eta bide horretan –perspektiba galduta– ez dugu jakiten zein zen helburua: Euskal Aberria edo bakoitzaren “peneuvea”. Zalantzaren aurrean, indefinizioaren aurrean, sozialista españolek daukate irabazteko kuotarik handiena. Beraiek dira askoz majoagoago-demokratago eta ez dute estridentzia abertzalearen kutsadura zipriztinik ere, ez gaurko eta ezta inoizkorik ere.
Ez da erakargarria alderdi abertzaleen eskaintza politikoa, ez eta azaldu eta saltzen duten estrategia politikoa ere, eta gero abilagoak bihurtu gara zatiketak sortzen edo bultzatzen.
Abertzaletasun kontserbadoreak, lehen aldiz, urteetako hegemonia politikoa eta ondorioz, botere kuota galdu ditu. Honek apaltasunerako eta zubigintzarako ikasgai behar luke izan, baina ez da horrelakorik sumatzen.
Abertzaletasun aurrerakoiaren esparruan ere ez da proiektu ilusionagarririk antzematen. EAren esperotako zatiketak agerian utzi ditu, politikak bizi dituen miseria guztiak. Karguei eutsi nahia, instituzionalizazioak dakarren gaitza… Eta hara eta hona egingo dute alderdiaren bereizitako zatiek. Aralarrek, bere garaian ateratako ausardiaren eraginez jaso ditu fruituak, izan da gai potentzial politikoa sortzeko. Baina, instituziotatik politika konbentzionala egiten ezarri ditu bere energia gehienak eta erakundegintzan errazegi erori da.
Ezker Abertzale tradizionalari gagozkiolarik, enegarren aldiz eskainiko zaio aukera, euren jarduna birformulatu eta indar metaketaren estrategiari ateak irekitzeko. Berriro aurkitzen dira inflexio puntu baten aurrean. Azken hauteskunde europarrek, aukera berri baten atarian ipini eta jaso dute euskal gizartearen babesa eta enkargua. Eta orain ikusteko dago udazkenak emango duena.
Erakunde armatuak ere galdetu beharko dio bere buruari: Independentziaren bidean zein den bere ekarpenik onena. Nahi bada, gainontzeko galdera guztien aurretik, horren zerbitzura baitaude.
Estatuak pultsua hartu dio euskal abertzaletasunari eta bestalde, gaurko euskal gizarteak behar du abertzaletasun gaurkotu, indartsu eta erakargarri bat. Egoera honetan erantzule eta protagonista direnek ez dute erreakzionatzen, ez behintzat egoerak behar duen berehalakotasunez. Abertzaletasunaren zatiketa bere horretan da gaitza, jendea urruntzea besterik ez duelako lortzen.
Agian, norberak urrinen bizi duen formatua kontserbadorea izanik, hobe etxera begira jartzea. Independentziarako bidea ezkerretik egingo duen esparrua indartu beharra daukagu. Eragileak zenbatuta eta izendatuta daude. Intxaurragaren EA, Aralar eta Batasuna ikusi nahi ditut nik. Hor badago masa eta kapital politiko nahikoa. Esparru horrek soilik lor dezake, batuta, etorkizuneko eta egungo euskal gaztedia engantxatuko duen proiektu interesgarri eta indartsua sortzea.
euskal herriak autonomia lortuz ekonomia bobetu du ,eta independentzia lortuz berriz askoz hobeto ginake ,orduan hori lortzeko ahaleginak egin, eta espainiar legedia hutzi eta gure legedia asmatu behar dugu
iom 2009-07-06 08:07:35Interesagarria da oso.
Eneko 2009-07-17 07:49:02Hola, soy de Zaragoza. Estaria interesado en conseguir esa entrevista en castellano ya que he leido que es bastante interesante. Gracias por adelantado.
Andres 2009-08-18 16:37:19Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa