Astekaria

 Diskoak 

Beltza eta errebeldea

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2190. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
Eureka Hot 4. 'World Champions'
Eureka Hot 4. 'World Champions'

Eureka Hot 4 ::World Champions

Gaztelupeko Hotsak

iraupena ::42´44´´

prezioa ::12.60 €

Baneukan gogoa halako talde bat entzuteko. Atom Rhumba taldeko sortzaile izandako Sergio Llanos ipurterrea da, eta azken urteotan Eureka Hot 3 taldearekin buru-belarri zebilen musika beltza eta rock-and-rolla batu nahian. Azkenean, Münsterland, Cyprinidians eta beste talde batzuetan ibilitako baxu, saxo eta bateriarekin, laukote bihurtu eta emaitza borobila lortu du. Rocket from the Crypt berpiztuko lukeen jai giroko punk-rock-and-rolla (Mercury girl), Dirtbombs-en usainean punk eta soula bat egitea (She got me, On the wave), New Orleansko plater goxoak (Food wars), new wave eta garagea (Clone machine), eta soul, latino, jazz... Txapeldunak diren ala ez, entzun ostean esan beharko duzu; baina ziur egon, abesti onak idazteaz gain, zeu dantzarazteko gai direla. Eta hori asko da.

"Gurea musika estiloak ondo irentsita egindako digestioa da"

Zer ematen dizue musika beltzaren eta punkaren arteko batuketak?

Zuriak gara eta nerabeak ginela pasioz hartu genuen punkaren eta rockaren errebeldia. Gerora, musika gehiago entzun, eta ulertu genuen guztia musika beltzetik datorrela. Gurea estiloak ondo irentsita egindako digestioa da; inola ere ez gara musika beltza egiten saiatzen den zurien taldea. Gure emaitza desberdina da eta interesgarriagoa.

Lehen musika taldeak egiten zituzten neskak erakartzeko; eta badira diotenak garrantzitsuena harremanak direla. Zuek ez dakit zein puntutan zaudeten, baina ia kantu guztiek neskez hitz egiten dute…

Bai, hala da, baina askotan aitzakia standard horren atzean beste gauza askotaz hitz egiten dugu. Kode antzeko bat da, folkean gai batzuk erabili ohi izan diren bezala.

World champions. Onenak zarete ala ez? Edo beste talde batzuekin alderatuta, bestelako helburuak dituzue?

Gurean onenak gara, beste inork ez duelako guk egiten duguna egiten gure erara. Momentuz munduko txapeldunak, eta gero etorriko dira beste helburu batzuk; are gehiago, oso gustura gaude diskoaren emaitzarekin.

Ez zarete berriak honetan. Zer ikasi duzue borroka urte hauetan guztietan, inoiz ahaztuko ez duzuena?

Ba, musikaren mundu honetan balio duena da ezagutu dezakezun jende interesgarria, eta horrek ahalbidetzen duen kultura eta giza trukatzea. Zoritxarrez, ezin dugu ahaztu aurrera egiteko gero eta horma lodiagoak jartzen dizkigutela. Baina, azkenean lehenengoak guztia konpentsatzen du.

Euskal Herriko taldeak serioegiak dira?

Euskal Herrian gauzak serioegi hartzen ditugu. Taldeek izugarrizko profesionaltasuna dute, eta badirudi batzuetan espontaneitate eta freskotasun apur bat galtzen dela. Baina salbuespenak ere badira: Euskal Herrian izaera handiko taldeak daude, serioagoak zein dibertigarriagoak izan.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza