Astekaria

 Gaiak 

Tefloia

Jan osasuntsuago burdinazko zartaginekin

Ikerketa batek baino gehiagok dio ez genukeela ohiko zartaginez gehiegi fidatu behar, gure osasuna estimuan badugu. Haiekin alderatuta, abantaila ugari eskaintzen dituzte burdinaz egindakoek.

Unai Brea

Unai Brea


2190. alea
2009-06-28
alde 1    kontra 0
Zartaginak ez ezik, era guztietako sukalde-tresnak egiten dira burdinaz. (Iņigo Azkona)

Politetrafluoroetilenoa. Barkatu horrelako hitz batekin hastea artikulua, seguruenik irensteko errazagoa –eta ezagunagoa– egingo zaizue haren izen komertziala, tefloia. Eta irentsi, nahi eta nahi ez irentsiko duzue, ohiko zartaginak erabiltzen badituzue behintzat.
 
Tefloiaren ezaugarrietako bat itsaskortasun eza da, horregatik erabiltzen da zartaginetan. Beroa oso ondo jasaten duelako ere bai. Wikipediak dio oso konposatu geldoa dela, hau da, nekez erreakzionatzen duela beste batzuekin. Ia batere toxikotasunik ez duela ere esaten du Wikipediak, baina hori oso zalantzazkoa da.
 
Angel Merino Bilboko Bio-bio dendaren ugazaba da. Produktu naturalak saltzen ditu bertan, koloragarri eta kontserbatzailerik gabekoak, eta halakoak. Tefloirik gabeko zartaginak ere bai. “Tefloia, erabilpenaren erabilpenaz, joan egiten da zartaginetik, eta azkenean berria erosi behar da”, azaldu digu, “baina bitartean geuk jan dugu tefloia, eta ez da inola ere giza-kontsumorako produktu egokia”.
 

Merinok ez du jakin tefloiaren kalteez argibide zehatzagorik ematen, baina hemerotekak bai: hainbat ikerketaren arabera, 370 graduko tenperatura gaindituz gero tefloiak hamabost gas toxiko askatzen ditu; horietatik bi, minbizi-eragileak. Tenperatura hori ez da erraz lortzen sukalde arrunt batean, baina baxuagoetan ere behatu izan dira ondorioak. Tefloia merkaturatzen duen enpresak berak onartu du 260 gradutan isurtzen diren gasek kalte larriak egin diezazkiotela txori bati. Zenbait ikerlarik diote tenperatura jakin batetik gora tefloiak sukarra, arnasa hartzeko zailtasunak, hotzikarak... eragin ahal dizkiola gizakiari. Fabrikatzaileen aholkuari ez zaio logikarik falta, lotsa bai ordea: su apalarekin prestatzea janaria.
 
Hona beste aukera bat: tefloirik gabeko zartagina erabiltzea. Ohiko materialen ordez –altzairua edo aluminioa–, burdinez egindakoak dira, eta olio naturalezko estalkia dute, janaria itsastea eragozten duena. Abantaila nabarmena dute ohikoekin alderatuta, osasunari inolako kalterik ez egiteaz gain: iraupena. Ezer arrarorik gertatu ezean, bizitza osorako dira.
 
Desabantaila batzuk ere badituzte zartaginok. Garbitu ondoren berehala sikatu behar dira, eta ezin da janaririk luzaroan utzi bertan, edo urak burdina oxidatuko du. Ohikoek baino askoz pisu handiagoa daukate gainera. Tortilla egin behar baduzu, ez egin oso handia, edo lanak izango dituzu buelta emateko. Eta noski, dezente garestiagoak dira ohikoak baino: tamaina ertainekoa 45 euro ingurutan dauka salgai Angel Merinok. Tefloidunak hiruzpalau aldiz merkeagoak dira. Zenbat bider aldatu duzu zeurea azken urteotan?

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia