Peruko Amazoniako liskarra gatazka internazionala da

  • Peruko Bagua herrian ekainaren 5eko liskarretan jakina da 25 polizia hil zirela. Aldiz, argitzeke dirau hango errepide nagusia blokatzen zuten herritarretatik zenbat diren hilak; ehunetik gora, seguru. Gogoan hartu etorkizunean gehiagotan aurkituko duzun izen hau: Alberto Pizango.
Curva del Diablo parajean (Peru) poliziak balaz hildako herritarrak
Curva del Diablo parajean (Peru) poliziak balaz hildako herritarrakPeruko Giza Eskubideen erakundea

Amazonian tarteka gertatzen diren liskar ohikoetakoa baino askoz garrantzizkoagoko zerbait jazo zen ekainaren 5ean Peruko Bagua herri inguruan. Ezkerreko ekologismo politikoak eman duen intelektual handi batek, Juan Martinez Alier katalandarrak titulu hau ipini dio Sinpermiso guneak publikatu dion artikuluari: En la Amazonia del Perú, un conflicto internacional.

Bestelako interpretazio bat irakurleak egin dezake Interneten, gatazka honek aurrez aurre ipini dituen bi liderren jarrerak ikusita. Alde batetik Alan García, Peruko presidentea bigarrenez (1985-90ean ere izan zen), Hego Amerikako politiko zuri klasikoaren itxura, egintzak eta hizkera dituena. Aurrez aurre Alberto Pizango, indigenen buruzagia, XXI. mendeko lider alternatibo baten indarra dakarrena. Ezagutu eta alderatu bata eta bestea Interneteko idatzietan eta YouTubeko bideoetan.

Baguako guduaz eta triskantzaz orri asko bete dira dagoenekoz. Burrunbaren erdian hari nagusiak erakutsiko dizkigun norbaiten bila hasita, Joan Martinez Alier eta Martí Orta irakasleek idatzi dutena gerta daiteke argigarri.

Alan Garcíak salatu du Baguako istiluen atzean atzerriko mugimendu ekologistak eta giza eskubideen aldekoak zeudela, Hugo Chavez eta Evo Moralesekin batera. Aldiz, Alier eta Ortaren analisian, beste argudioek egiten dute Amazonasko eskualde horretakoa nazioarteko arazo. Funtsean, petrolio bilaketa zoroak.

Perun gaur egun 140.000 petrolio upel ateratzen da lurpetik. Ez da asko munduak kontsumitzen dituen 84 milioien tartean. Produkzioa bikoiztuta ere, urtean Peruk eman lezakeena egun bakarrean erreko genuke mundutarrok. Inbertsio handiak egin behar dira, gainera, oihan zoko haietatik urre beltza eskuratzeko. Baina mundua petrolio produkzioaren gailurrera hurbildu denean dena behar dute, antza, multinazionalek.

Perun lurrari kendutako petrolioan ez du parterik Perupetro konpainiak, bera bitartekaria besterik ez da. Gehien bat AEBetako, Kanadako edo Europako enpresak dira (Perenco, Repsol, Cepsa...) ekoizleak, eta azken aldian Txinakoren bat ere bai. Baina Amazoniako nazio indigenekin egin dute tupust.

Honetan ere ez da berria Amazoniaren internazionalizazioa. 1492 ondoko urte eta mendeetan atzerritarren aginteari nola edo hala aurre egin izan diete Peru eta Ekuadorreko jibaro deituek. Konkistatzaile espainolen kontra borroka eginez hasieran, Andeetako indioen aldean oso baldintza ezberdinetan. Duela ehun urte, kautxuaren garaian, gorriak ikusarazi zizkieten Amazoniako indigenoi. Baina gaur eguneko gatazka 1970eko hamarkadan hasi zen, munduko korporazio handiak petrolio bila Amazonian hasi zirenean.

Pizango, XXI. mendeko liderra

Urteotan asko irabazi dute antolakuntzan Amazoniako talde etniko ugariek. Asociación Interétnica de Desarrollo de la Selva Peruana (AIDESEP) dute federazio. Egunotan Nikaraguako enbaxadan aterbetuta dagoen Alberto Pizango da erakundearen presidentea.

Mugimenduon urte luzeetako borrokari esker, Peruko gobernuak 1993an sinatu zuen Munduko Lan Erakundearen konbenioaren 169. atala eta duela bi urte Nazio Batuen Erakundearen Herri Indigenen Eskubideen Aldarrikapena, zeinak behartzen baituen estatu peruarra indigenen lurralde eskubideak zaintzera.

Segur izan gaitezke Alan Garcíak ez zituela gogo onez sinatu akordio horiek. Limako El Comercio egunkariaren hemerotekan irakur daitezke bi artikulu non el perro del hortelano metafora darabilen –gaztelaniazko erranairuak dio baratzezainaren zakurrak ez berak jaten duela eta ez besteri uzten diola jaten– indigenen eskubideei iseka egin eta haien lurretarako dituen planak aurreratzeko. Hitz bitan: sekulako aberastasunak daudela Amazonian eta indigenek ahalmenik edo gogorik ez dutenez haiek ustiatzeko, gobernuak hartuko dituela bere gain. Atzerriko multinazionalei alokatuz, esan nahi da.

Juridikoki ere nazioartean jokatuko da Amazoniaren etorkizuna. Alan Garcíaren gobernuak lege eta dekretuak plazaratu ditu AEBekiko Merkataritza Askerako Ituna martxan jartzeko, eta horretarako gorago aipatu beste nazioarteko konpromisoei itzuri egiteko. Amazoniako petrolioa eta mineralak baina egurra eta bioerregaiak ere ustiatzeko.

Hilabete luzez AIDESEPeko buruzagiak negoziaketan aritu dira gobernuarekin, Alberto Pizango zela ordezkari nagusi. Baina elkarrizketen emaitzarik ageri ez zenez, apirilaren erditsutan protestak ugaritu egin zituzten. Bagua eta Cajamarca arteko mugan Fernando Belaunde errepidea blokatu zuten, Jaen hiritik 20 kilometrora. García presidentearen dekretu polemikoenak baztertu eta indigenei erabaki nagusietan parte hartzea eskatzeko.

Ekainaren 5ean poliziaren erasoa gertatu zen lekuari Curva del Diablo deitzen diote; Gobernuak DINOES izeneko eliteko poliziak bidali zituen eta hura infernu bihurtu, kamioa blokatzen duten 5.000 jendeen kontra helikopteroetatik gas negar-eragileak jaurti eta oinezko agenteek balaz egin zutenean su. Esaten da matxinoetako batzuk lortu zutela poliziei armak kendu eta tiroka erantzutea.

Sarraskiaren berri Bagua herrira iritsi zenean, herritar asko oldartu ziren. Alan Garcíaren alderdiaren egoitza kiskali zuten, petrolio konpainiaren instalazioak okupatu, 38 polizia bahitu... Egunak pasa ahala jakin da hildako poliziak 25 direla, baina hildako herritarren kopuru garbirik ez da.

Han lanean ari diren GKEetako begiraleek adierazi dute poliziak eta militarrek jende asko hil dutela, ondoren hilotzak errekara bota edo kixkaltzeko. Bestalde, matxinoetako asko ihesi joan da atzerrira.

Ez da Alan García masakre batean nahastuta dagoen lehen aldia. 1985ean Lugarincho eta El Frontóneko presondegietako matxinadak su eta odoletan ito zituzten bere militarrek, nahiz eta gaur boto-emaile gazteenek gogoan ez izan.

Alberto Pizangok urrian Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eman behar zuen hitzaldia, Respsol-YPFri Amazoniako lurretan eskua eta makinak sartzea oztopatzeko kanpainan. Agian urrian Liman segiko du, Nikaraguako enbaxadan babestuta, edo urrun, atzerriratuta. Bera preso nahi lukeen APRA alderdia, duela mende bat, Victor Haya de la Torrek Mexikon sortu omen zuen... atzerriratuta zegoela.

Argazki oina:  Alberto Pizango Chota, Peruko Amazoniako indigenak biltzen dituen AIDESEP federazioko lehendakaria. Shawi etniakoa da abuztuan 45 urte beteko dituen maixu hau. Lerrook idazterakoan Nikaraguak Liman daukan enbaxadan zegoen aterbetuta, polizia peruarrarengandik ihesi.

Informazio gehiago:


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude