argia.eus
INPRIMATU
Lerro artean jarriak
Xabier Paya @xabipaya 2009ko ekainaren 28a
Xabier Paya
Iñigo Azkona
Ibarretxeri egin nion lez
herri-kontsulta itzela,
Patxi, entzun dut jada euskara
ikasten hasi zarela,
bai jakin ere ergatibotan
oraindik berde zaudela,
hortaz, hartzazu diskurtsotxo hau
nire opari bezela:
jakin edozein abagunetan
irakurri daitekeela.
 
Patxi, zehazten ari nintzela
zer formatu eta neurri,
testuan sartzen utzi ez diet ba
lauzpabost lerro okerri!
Saiatu arren ezin izan dut
dena onera ekarri,
beraz, nahiz eta horrelakorik
ez zaidan gertatu sarri,
baitezpada, ez lerro etzanak
bertso berean ezarri.
 
I

Kaixo hiritar agurgarriak,
gizartearen baseak,
munduarekin lotuko gaitu
Jaurlaritza aldatzeak.
Nahiz eta nire kontra dabiltzan
ETAko kamikazeak
beti presente izango ditut
herritarren oinazeak
ilusioa egiten baitit
behingoz bakea lortzeak.
 
II

Demokraziak zaindu ezean
boto-emaile maiteak
ezingo luke argia ikusi
behin betiko AHTak.
Ez dute antzik hemengo eta
Espainiako PPak,
horri eskerrak zapuztu dira
batzuen borondateak,
kontsentsu apur bat eskatzen baitu
lehendakari izateak.
 
III

Mahai sozialik ez baldin badu
hitz egin gura duenak
lepotik gogor helduko dio
krisi latzaren problemak.
Alde denekin ondo konponduz
iraun lezake sistemak,
baina gogoan izanik, noski,
guztia eman zutenak,
guk berdin-berdin bete ditzagun
gure eginkizun denak.
 
IV

Nahiz emandako hitza sarri jan
egungo politikoak,
bete nahi ditut herritarrekin
sinatutako paktoak.
Zentzu horretan gardentasunez
jardungo du ekipoak,
eredu txarra izan baitziren
aurretik egondakoak:
gobernu honek izango ditu
kristalezko poltsikoak.
 
Doinua: “Euskal Herriko lur maite hartan”.