Astekaria

 Liburuak 

Ospitaleko ezereza

Xabier Etxaniz Erle

Xabier Etxaniz Erle


2190. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
ilar-purea
ilar-purea

Xabier Etxaniz Erle ::Ilar-purea

Itzulpena ::Manu López Gaseni

Irudiak ::Elisa Arguilé

Anaya-Haritza

Orrialdeak ::104

prezioa ::6.85 €

Nesquensek eskaintzen digun liburu hau oso berezia da izenburutik bertatik hasita egitura eta istorioetaraino. “–Ingalaterran ilar-purea deitzen diote ezer ikusten uzten ez duen laino trinkoari” (64. orrialdean) diosku Aaronek liburuan; eta, hain zuzen, laino trinko batean sarturik dagoen ume baten istorioak, gogoetak, oroitzapenak biltzen dira liburu honetan. Horrela, ohiko istorio lineal eta sinpleen ordez iragana eta orainaldiaren arteko salto artean ibiliko gara orrietan zehar. Narratzailea ospitalean dagoen mutikoa da, Aaronen ondoko ohean dagoena, eta nobela entretenigarri honetan, istorio ezberdinen bidez azalduko dizkigu bertako egoera, nola iritsi zen ospitalera, bere familia eta lagunen berri eta beste mila kontu bitxi.

Ugaritasun horrek bi sentsazio sorrarazten ditu irakurlearengan. Alde batetik, erregistro aldetik aberastasunarena eta, bestetik, gaien dispertsioa. Narratzaileak amarekin edo Aaronekin dituen elkarrizketak kontatzen dizkigu batzuetan –nahiko surrealistak horietako batzuk, Aaronek “euli” hitza berak asmatua dela dioenean bezala, 58. orrialdean–, beste batzuetan gertaera sozialak –herrian ministroak hondakin instalazioa jarri zuenekoa, esaterako– edo, askotan narratzaileari berari bururatutakoak eta jazotakoak.

Ospitalean daukagu narratzailea, ohean etzanda eta hankan mina duela. Poliki-poliki narrazioa aurrera joan ahala jakingo dugu bizikleta istripu bat izan eta hezurrak hautsi zituela zuhaitz baten kontra. Baina informazio hori jasotzearekin batera protagonistaren izaera ere ezagutzen joango da irakurlea, haren gogoeten bidez, eta abenturen edo gertakarien ondorioz –Alberto laguna erreskatatu behar izan zutenean, kasu–.

Ilar-purea
nobela hau adabaki askoz osaturiko lana dela esan dezakegu, eta lotze prozesu horretan protagonista dugu hari nagusia, baita ospitaleko gelan dabilen eulia ere –ez da kasualitatea liburuaren lehen eta azken esaldietan euliei buruzko erreferentziak agertzea–. Dispertsioa, sakabanaketa, sorrarazten du honek guztiak irakurlearengan, baina era berean une atsegina igarotzeko aukera paregabea. Broma bat, hitz jokoren bat, aspaldiko abentura, ospitaleko gertakariak… elementu horien guztien artean lortzen baita irakurlea entretenituta eramatea liburuko hogei kapituluetan zehar amaierara.

Elisa Arguiléren irudiek, argazkigintza eta ilustrazioaren arteko tonua duten irudiek, ederki islatzen dute ospitaleko giro hori, denbora pasatu beharraren sentsazioa, ezer gertatzen ez den giroa… edo gauza asko gertatzen dira konturatu gabe?

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza