Astekaria

 Landareak 

Gatzagitan

Mendak esnea gatzatzea galarazten du. Gatzatzea, baina, esneari iraunarazi eta jaki on eusteko bide izan da usu. Ziabelarra, Galium verum, aipatu berria dugu hementxe; landare ugari baliatu izan da, ordea, lan honetarako.   Mikatzetik osatuta dauden landare gehienen ia atal guztiak esnea ziatu eta gatzatzeko gai dira. Bitxilorea eta tankerakoak biltzen dituen konposatuen familiakoen lore-talamo edo multzoak dira ezagunenak, kardu askorenak tartean.   Izenak ederki asko adierazten dion lubeazuna da bat, Centaurea calcitrapa. Haren loreak gatzagi izan dituen gaztak aparteko zaporea hartzen du.   Negu partean hostoen zurtoin lodikoteak jaten dizkiogun baratz karduaren, Cynara cardunculus, loreak ere gazta bidean jartzen du esnea. Genero bereko Cynara scolymus, alkatxofaren loreek ere bide beretik darama ur zuria.   Konposatuak ez diren beste familia batzuetako landare gatzagiak ere badira. Esneak esneari tiraka. Izerdia esnetsua duten landare gehienen isurkin hori toxikoa da eta ukitzen duen oro ihartzen du. Karatxoak eta abar galtzeko erabilia, kontuz maneiatu behar da, zauriak, begiak... erre egiten baititu, baita esnea ere. Esne-belarrak deitzen diren Euphorbia generokoak dira latex hau duten ezagunenak, Euphorbia helioscopia ohikoena. Ficus carica, pikondoaren izerdi lodiak bezala, loreak ere legar dira.   Garratzak diren landareek ere gogortzen dute esnea, barrabasak edo basoko mingotsak, Oxalis acetosella, adibidez.   Ameriketan, sugandilen isatsa ere erabili izan da gatzagi.

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2190. alea
2009-06-28
alde 0    kontra 0
Cynara scolymus.


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia