2009-06-28 -- 2190.zenb
Mendak esnea gatzatzea galarazten du. Gatzatzea, baina, esneari iraunarazi eta jaki on eusteko bide izan da usu. Ziabelarra, Galium verum, aipatu berria dugu hementxe; landare ugari baliatu izan da, ordea, lan honetarako.
Mikatzetik osatuta dauden landare gehienen ia atal guztiak esnea ziatu eta gatzatzeko gai dira. Bitxilorea eta tankerakoak biltzen dituen konposatuen familiakoen lore-talamo edo multzoak dira ezagunenak, kardu askorenak tartean.
Izenak ederki asko adierazten dion lubeazuna da bat, Centaurea calcitrapa. Haren loreak gatzagi izan dituen gaztak aparteko zaporea hartzen du.
Negu partean hostoen zurtoin lodikoteak jaten dizkiogun baratz karduaren, Cynara cardunculus, loreak ere gazta bidean jartzen du esnea. Genero bereko Cynara scolymus, alkatxofaren loreek ere bide beretik darama ur zuria.
Konposatuak ez diren beste familia batzuetako landare gatzagiak ere badira. Esneak esneari tiraka. Izerdia esnetsua duten landare gehienen isurkin hori toxikoa da eta ukitzen duen oro ihartzen du. Karatxoak eta abar galtzeko erabilia, kontuz maneiatu behar da, zauriak, begiak... erre egiten baititu, baita esnea ere. Esne-belarrak deitzen diren Euphorbia generokoak dira latex hau duten ezagunenak, Euphorbia helioscopia ohikoena. Ficus carica, pikondoaren izerdi lodiak bezala, loreak ere legar dira.
Garratzak diren landareek ere gogortzen dute esnea, barrabasak edo basoko mingotsak, Oxalis acetosella, adibidez.
Ameriketan, sugandilen isatsa ere erabili izan da gatzagi.
Europan porrua garesti dabil. Gutxitxo ekoizten da, nonbait, eta eskaintza mugatua denez prezioei eusten dioten barazki bakanetako bat da. Ongarriz lepo dagoen lurra eta inguru hezea eskatzen duenez ez da porrua edozein tokitan egin daitekeen horietakoa. Porru hazia guretzako eskaskeriaren bikia da, ia nahi gabe ere etortzen delako, Euskal Herri atlantikoan, noski. Geure kulturako gutizia eta luxu handienetako bat. Hemendik kanpo, ondo ordaintzen den horietakoa da porrua. Lehengo astean, handizkako merkatuetan gutxien 152 euro ordaindu da tona, Alemanian.
Garoak lagun izan ditugu historia osoan, baita aurretik ere. Babesa, beroa eta gozotasuna eman dio etxean bizi izan den guztiari. Animalia guztion azpitarako inaurkin preziatuena izan da, eta da. Simaurrik gozoena egiten du eta baratza, soro eta sagastietan barrena joan-etorri bat eginda, urte osorako osasuna ekarriko digu ahora. Hortik garoaren gurtza. Argazkiko udaberri hasierako San Joan iratzearen puja berri segailak, Osmunda regalis, loratzen ari dira, oraintxe, urteko egunik luzeenetan. Zorrak zor, haren zarbak, lizarra eta elorriarekin batera, solstizioan atarietara ekarriko ditugu...
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa