2009-06-28 -- 2190.zenb
Joseba Azkarraga (Soziologoa, MUko irakaslea)
E z da bakarrik bankuen kodizia izan. Herritar gehiegi liluratu du kapitalismo finantzarioaren asmakizun bitxiak: kolperik jo gabe, etekin handiak poltsikoratu. Ikusi bestela, euskal herritarron artean burtsak duen harrera ona, baita progresista askoren artean ere. Herri-kapitalismoa guk (ere) aupatu dugu dagoen lekura, eskrupulu moralak okasio handietarako gorde ostean.
Denok eraiki dugu sistemaren likido amniotikoa. Eta orain, urrezko arrautzen oilo finantzarioak utzi dionean kikirriki egiteari, beldurra disparatu da. Logikoa da, klase ertainaren zutabeak kolokan jartzen hasi baitira. Ohe zapitik atera eta aurrez aurre begiratu behar genioke gaurko deskalabruari, ez baita soilik eredu ekonomikoaren deskalabrua.
Gutxienez lau dira krisi erraldoiak. Bat, kapitalismo globalaren bertsio finantzario-espekulatiboaren krisia, eta honek ekonomia errealean duen inpaktua: lauetatik, garrantzi gutxienekoa. Bi, aldaketa klimatikoa: gure larreei kolore berdea desagertuko zaielako kezkatzea, txatxukeria nostalgikoa da etor daitekeenarekin alderatuta. Hiru, erregai fosilen agortzearen ondorioz bizi(ko) dugun energiaren krisia: gure zibilizazioaren oinarriak jarriko ditu hankaz gora, eta euskal herritarron hiperdependentzia energetikoak bai, horrek ohe azpian ezkutatzera gonbidatzen du, Marte kolonizatu edo Espainia demokratizatu arte. Lau: planetan hazten ari den populazioa elikatzeko zailtasun hazkorra.
Bizi duguna, funtsean, zibilizazio krisia da. Eta eredu produktibistak ez du errezeta egokirik bizi ditugun dilemak konpontzeko. Arazo ekologiko-sozialak ez du konponbiderik sistemaren barrutik. Gero eta sinesgaitzagoak dira abiadura moteltzearen aldeko diskurtsoak, edo “erreformakeria” berdeak. Fast food produktuen kalteak ikusita, McDonald'sek entsaladen alde eginiko apustuaren traza dute.
Hilerriaren ezina dario Mendebalde kapitalistari. Zerk ordezkatuko du? Hori izango da hurrengo 25-50 urteetako eztabaida politiko nagusia. Euskal lurraldean espazio mental handiagoa utzi behar genioke ezbai horri. Eragile politiko, enpresarial, sindikal, sozial eta kulturalek, den-denek serio heldu behar liokete, baita herritarrok ere. Eta beste inork baino ausartago, gure herrian sortzear behar lukeen ezkerreko polo subiranistak.
Bigarren trantsizio politikoaz gain, ohe azpitik atera eta hitz egin behar genuke XXI. mendean egin beharreko trantsizio erraldoiaz. Iraunkortasuna helburu izango duen horretaz. Hazkundea eta kontsumoa ez den proiektuaz.
Aitor Zabaleta (Kazetaria)
Magiazko trukua egin eta zorioneko giltza atera dute bat-batean, konponbidearen eta bakearen ateak behingoz zabalduko omen dituena. Ditxosozko poloan daukate zenbaitzuek itxaropena, laino beltzen artetik eguzkia ateratzear dagoela iragarriz. Eskarmentu handia daukagu horrelakoekin, aspaldi zapuztu ziren ilusioak. Gehiegi ez sinestea hobe, inozo ibiltzea baino.
Berba asko egin da poloaren inguruan, baina ideia orokorretatik haratago ezer gutxi dakigu. Orain artekoa entzun eta gero, itxaropenerako arrazoirik ez; hasteko, gustukoak ez dituztenak edo beraien esanetara moldatzen ez direnak alboratu egin baitituzte. Ez dirudi bideari ekiteko modurik onena denik abertzaleen gehiengoa kontutan ez hartzea, zer eta subiranotasunaren defentsan. Ekimena aurrera ateratzen ez bada, beti izango dute biktimismoaren aitzakia: “Gu ahalegindu gara baina mundua gure kontra dago”.
Protagonismoa hartzeko eta kontraesanak ezkutatzeko ez ezik, poloak beste arrazoi nagusi bat ere baduelakoan nago: Hegemonismoaren borroka. EAJ alde batean eta ezker abertzalea bestean. Teruelen edo Cuencan PP ala PSOE beste aukerarik ez dagoen bezala, Euskal Herrrian ere berdina nahi dute zenbaitzuek, beltza eta zuria kolore bakarrak abertzaleentzat. Iñaki Aldekoak izen aproposa eman dio, “hegemonismoaren minbizia”, esparru politikoa handienen artean banatu eta sinplifikatzeko tentazio maltzurra. EAJ alboratuta, abertzaleen erreferente nagusia izan nahi dute poloko subiranistek. Eta EAJ ez ezik, Aralar eta Alkarbide ere kanpoan gelditzen badira, ez dut uste helburuari uko egingo diotenik, nahiz eta botoetan askoz gutxiago izan.
Poloak esparru politikoa “garbituko” duela entzun diot tertuliakide jaun orojakitun bati, abertzaleak bi bloketan baino ezin direla banatu. Asko zabaldutako ideia da, niri batere gustatzen ez zaidana. Herri txikienganako errespetua aldarrikatzen dugu askotan euskaldunok, baina hori esaten duten batzuei ez zaizkie alderdi txikiak gustatzen, Badirudi traba egiten dietela. Txikiek ematen diote, ordea, saltsa politikari, beraiek dira kalitate demokratikoaren neurgailu onenak, homogeneitate tristearen kontrako antidotoak.
Bakoitzak defendatu dezala berea, eta gai badira akordioetara iristeko, bejondeiela, baina hegemonismoak harrotuta bazterketarik egin gabe.
Europar Batasunaren barruan estatu independentea aldarrikatzea asmo ederra da, baina ez edozein modutan. Independentzia, bakea bezala, edo inklusiboa da, edo ez da.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa