Astekaria

 Denboraren makina 

Zein zen Gabrielle Bonheur?

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


2189. alea
2009-06-21
alde 0    kontra 0
Coco Chanel
Coco Chanel

Paris, 1971ko urtarrilaren 10a. Gabrielle Bonheur Chanel hil zen hiru hamarkadatan bizitoki izan zuen Ritz Hotelean, bakarrik eta 87 urte zituela. Coco Chanelen mitoak, ordea, bizirik irauten du oraindik ere, egunotan zine aretoetan ikusgai dagoen Coco filma lekuko.

Bakarrik hil zenak bakarrik egin zuen aurrera txiki-txikitatik, ama hiltzean aitak umezurztegian utzi zuenetik. Gaztetan, egunez josi eta gauez tabernetan kantatzen aritzen zen. Qui qu’a vu Coco kantak eman zion ezizena, eta bere lehen negoziorako bigarren abizena erabili zuen. Karrera iraultzailea kapelak diseinatzen abiatu zuen, Belle Époque-ko buruko arranditsuak baztertuz. “Nola da posible garunak horien azpian funtzionatzea?” zioen, hain berezkoa zuen ironiaz. Cocori behintzat ederki funtzionatzen zion; ekoizpena, enbalatzea eta banaketa bikain kudeatuz, XX. mendeko emakume enpresarien artean aitzindaria izan zen.

Gainerako jostunek gorputzak estaltzen zituzten garaian, Cocok orkatilak eta lepoak bistan utzi zituen. Itxura androginoa eta galtzak erabiltzea sustatu zuen. Feminismoaz baino feminitateaz hitz egiten zuen arren, emakumeei askatzen lagundu zien. Negozioa 1939an itxi behar izan zuen, baina 1954an lanean zen berriro. Parisko emakume asko Dior-en kortseetan itota zebiltzala, Chanelek arnas hartzen lagundu zien. Gerriak zabaldu zituen, eta gonak laburtu; modak mugimendu askatasuna esan nahi zuen harentzat.
Behin, operan zela, emakumezkoen soineko arrosez eta urdin argiez nazkatuta, zera bota zuen: “Emakume horiek guztiak beltzez izorratuko ditut”. Handik gutxira bere soineko beltz ezaguna kalean zen eta Vogue aldizkariak “emakume modernoaren uniformea” zela aldarrikatu zuen.

Cocteauk artistatzat jo zuen, Cocok bere burua artisautzat izan arren. Katherine Hepburnek, Marilyn Monroek eta Hollywoodeko gainerako izar nagusiek mitoa elikatu zuten. Nahi adina ondasun eta botere lortu zuen, baina arrakasta profesionalaren atzean bizitza pribatu iluna itzalean gordez. Ez omen zuen sekula iraganeko oinazeari eta bakardadeari iskin egitea lortu.

Eta mitoaren distira profesionalak ere badu orbanik. Gabrielle Bonheur-rek, jatorri txirokoa izaki, bere diseinu iraultzaileak emakume guztiek erabili ahal izatea nahi zuen, edozeinek ordaindu ahal izatea, alegia. Baina, egun, Chanelen marka duen prêt a porter soineko batek 6.000 eurotik gora balio du, eta goi mailako joskintzako pieza bat nahi izanez gero, 18.000 eurotik behera ez dugu gauza handirik topatuko.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia