Astekaria

 Ezpalak 

Uztapide isildu zenekoa

Estitxu Eizagirre

Estitxu Eizagirre


2189. alea
2009-06-21
alde 0    kontra 0
Uztapide

1972ko apirilaren 30ean Zeruko Argiak bertso saioa antolatu zuen Anoeta pilotalekuan. Saio hura historiko bihurtuko zuen ezbehar latz batek: Uztapide kantatu ezinik geratu zen eta geroztik saio bakarra egingo zuen: Zestoan, Santakutzetan. Honela hasi zuen Zeruko Argian saioaren kronika “Mutiozabal”ek (1972-05-14): “Eguna ere ez ain egokia eta eguraldia, berriz, mendiruntz bultzatzen zuena. Jaialdiaren berria ere gutxi zabaldua eta berandu, berandu eskuratua izan bai zuan baimena. Ez zan Anoetako pelota-lekua geiegi betetzerik izan. Beste edozein saloi bete zezakean an bildu zan jendeak, baiña Anoeta utsa gelditu zan”. Puntako kartela zen egun hartakoa: Uztapide, Xalbador, Mattin, Lizaso, Agirre, Azpillaga, Lopategi eta Gorrotxategi aritu ziren bertsotan.

“Errialde”k (Zeruko Argia, 1972-9-24) kontatuko zuenez: Bertsotan ain ederki ari zen Manuel itzik gabe geratu zen. Irutan eten nahi izan zuen eziñaren korapilloa. Iru aldiz ekin zion bertsoaren asierari. Ez... ezin... (...) Jakin zuen Manuelek ahal zuen gehiena bere ondoeza gordetzen. Jakin zuen bertso saioa amaitu arte bere buruari eusten”. Azpillagaren azken agurrak atera zuen estuasunetik ahots isildua:

Bertsolarien buruzagia
artu bait digu ondoezak.
Ta arren partez agurtutzea
ongi iduritutzen zat
Agur ta txalo eder bat danok
Uztapide zarrarentzat.
Oker bat gertatu izan zaigu
ta artzekua da aintzat.

Joxemari Iriondok jarritako gaia zen, hain juxtu, mututu zuena: “gaurko gaztediarengan ba al duzu itxaropenik?”. Eta erantzun eder bat galdu genuen, Imanol Lazkanok gazte edo zahar izatearen ikur baitu Uztapide-Basarri bikotea. Haren hitzetan, “Basarri ez zen sekula gazte izan, eta Uztapide gazte hil zen, 74 urterekin”. Lau belaunaldiren uztarri izan zen: Txirritaren garaikoekin hasi, Basarri eta Lasarterekin segi, Lopategi-Azpillaga-Lazkano-Agirre-Lizasorekin jardun... Eta Amuriza bertsolari handia zela aitortu zuen, 1980an, askok bertsolari zela ere zalantzan jarri zutenean. Bertso eskoletako lehen belaunaldiaren artean ere ageri da argazki famatu batean. Han dira Euzkitze, Eizmendi, sarasuatarrak, Loidi...

Jaio zela ehun urte direnean, bere bertsoen oihartzuna, eta doinuak hitzari moldatzen zizkion ahotsa zaleen belarrietan da oraindik.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia