Astekaria

 Diskoak 

1970eko hamarkadako jarrera eta mistizismoa basoan aske

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2189. alea
2009-06-21
alde 0    kontra 0
Las puertas están abiertas en ocho direcciones
Las puertas están abiertas en ocho direcciones

Lobo Electrico ::Las puertas están abiertas en ocho direcciones

Belleza Malandra

iraupena ::12´10´´

Gehienetan diskoak ekartzen ditugu hona, baina Tolosako Lobo Electricok 10 urtetan disko bakarra eta bi EP kaleratu dituenez, EPa atera duela baliatu dugu otsoa harrapatzeko. Grind-corearen aitzindari izan zen Ruido de Rabia taldeko bi kidek sortu zuten honako taldea, baina kasu honetan hard-rock, psikodelia eta 1970eko hamarkadako soinuetatik abiatzen dira. Irudiz, poesiaz eta mistizismoz betetako hitzek ematen diote izaera berezia Lobori, eta RDR taldean baino metaforikoagoak dira, ez hain salaketakoak. Lan honetan, esaterako, Fantasma eta Luna Roja dira aukeratutakoak, iluntasunez, malenkoniaz eta misterioz jositakoak. Musikari dagokionez, taldea heldu egin dela esango genuke: Stooges, Black Sabbath, AC-DCk eta psikodeliak inoiz baino hobeto bat egiten dute giro eta erritmo tribalekin.

"Ez dugu estilo baten esklabo izan nahi; senak eskatzen dizuna egin behar duzu"

Nondik dator otso elektrikoa, iluntasunetik, galarazitakotik? Zertara etorri da?

Misteriotik dator. Bizitza osoa daramat otsoa ikusteko eta deskubritzeko prozesuan. Inoiz misterioa desagertzen bada, otso elektrikoa joan egingo da. Jakin nahi nuke zertara etorri den. Baliteke gure bizitza hobetzera etorri izana edo suntsipena ekartzera.

Hitzetan ama natura, piztiak, planetak, zeruak, gerizpeak... agertzen dira.

Bai, irudi horiek erabiltzea gustatzen zait. Mitologia zaharrak, adibidez, asko erakartzen nau. Irudi horiek gertukoak ditut eta barrutik gauza asko mugitzen dizkidate, emozionalki zerbait aterarazten didate.

“Kimba nakama”. Halako eragina izan zuen zugan Ruido De Rabiaren sasoian Brasilera egindako bidaiak?

Bai, bidaia hark asko markatu ninduen; gauzak beste ikuspuntu batetik aztertzera bultzatu ninduen. “Kimba nakama” gailu magiko txiki bat da, errealitatean aldaketa txikiak egiten dituena; baita mantra bat ere.

Zuen kontzertuak terapeutikoak dira? Zuentzat, ikusleentzat?

Niretzat eta taldekideentzat badira, eta ikusle batzuentzat ere bai. Gehiago esperimentatu beharko genuke; proba egin dugun gutxietan oso emaitza bitxiak lortu ditugu, baina zoritxarrez guk geuk ere errazenera jotzen dugu.

Stooges, psikodelia eta 1970eko hamarkadako rocka zuen abiapuntuak dira, ezta?

Bai. Gauza gehiago entzuten ditugu, baina laurok hor egiten dugu bat. Hala ere, ez dugu estiloetan askorik pentsatzen. Ez dugu estilo baten esklabo izan nahi; senak eskatzen dizuna egin behar duzu.

Mesfidantzaren eta indibidualismoaren garai hauetan nik ez nuke esango “ateak zortzi norabideetan zabalik daudenik”.

Kaosaren izarraren zortzi muturrekin lotzen ditut nik; eta esan nahi dut kaosak bere sorkuntza prozesua indarrean duela. Baina zabalik egoteak ez du esan nahi positiboa denik, sortzen dabilela baizik.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza