Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2009-06-21 -- 2189.zenb

Patxi Zubizarreta (Idazlea)

Patxi Zubizarreta

Gianni Rodarik, Fantasiaren gramatika liburuan, kontatzen du Lenin eta haren senideak lorategi aldeko leihoetatik sartzen zirela etxera, eta, aitonak, debekurik ez jartzeaz gainera, aulkitxoak ipini zizkiela leihoetatik arriskurik gabe sar zitezen. “Istorioen bidez –eta horiek sortzen dituzten prozedura fantastikoen bidez–, haurrei errealitatera atetik ez, baina leihotik sartzen laguntzen diegu. Dibertigarriagoa da eta, beraz, baligarriagoa”.
 
Ikasturtea amaitzear dagoen honetan, irudipena dut idazleok ere leihotik sartzen garela ikastetxeetako geletara. Ikasturtean zehar, izan Euskal Idazle Elkartearen bitartez erkidegoan, izan FIRA elkartearen edo Nafarroako Gobernuaren bitartez erresuman –oso pozgarria izaten da eskolak beraiek zuzenean deitzea–, idazleok aurten ere titiriteroen pare ibili gara hara eta hona: noizhasizinenidaztennondikateratzendituzuideiakzenbatkobratzenduzunoizbaitutzikodiozuidazteari..?
 
Haurrek lilura begietan hartzen gaituzte, saioa amaitutakoan liburuak sinatu eta sinatu ibiltzen gara, eta orduan ohartzen gara, oro har, irakasleak egiten ari diren lan isil eskergaz. Orduan gurasoekin ere gogoratzen gara, seme-alabengan piztu behar duten motibazioarekin, etxean egin behar duten lanarekin –a zer nolako ezintasuna sentitu behar duten haurrak euskaraz matrikulatu eta etxeko lanetan ezertan ere laguntzerik ez duten guraso erdaldunek: askok ez dute meritu makala!–. Orduan gogaitzen gara beste urte bat igaro delako Ipar Euskal Herrira joan gabe, eta gogoan dugu –haurrak beti haur– nola aitzakiatu ziguten behinola: “Ez dut ulertzen, liburu hau hegoaldekoa da”, esaterako gasolinari “esantza” esaten ziotelako edo bonbillari “anpula”. Beste neskatila bat ere ezin oroitu gabe utzi: “Nik nahiago dut, liburu bat irakurri baino, hitzez hitz kopiatu, baina telebistaren aurrean...”. Ororen buru ondorioztatzen ahal dugu kultura ere leihotik sartu behar dela, aitzakiak porrokatu, elkar adoretu, euskara gramatikatik urrundu...; eta ezinbestekoa dela, dauden baliabideetatik abiaturik, aldian aldiko egoera eta muga politikoak gainditzea, izan gure presentziaren bitartez izan istorioen bidez.
 
Bi gaixo larri omen zeuden ospitaleko logela berean. Ate albokoa guztiz ezindurik zegoen, oheari atxikia; bestea, ostera, zazpi ahalak eginez gero, gutxienez leihoraino hurreratzen ahal zen. Gelakide ezinduari handik zer ikusi, horixe kontatu ohi zion: haurrak ahateei jaten ematen dabiltza, elurrak abail-abail eginik utzi ditu zuhaitzak, bikote bat musuka eta eskuketan dabil... Eta ate alboko gaixoari bihotz altxagarri gertatzen zitzaizkion deskribapen ustez hutsal haiek. Baina, egun batez, bi gaixoetan zein hilko, eta leiho alboko ohean zetzana hil baitzen, eri ezinduak leihora hurreratzen laguntzeko eskatu zuen. Eta, hurbildu da eta hara non, haurrak, zuhaitzak edo bikoteak ez, baina horma bat, horma xaharkitu eta arraildu bat besterik ez duen topatu aurrez aurre...
 
Aurrekoa bezalako istorioak kontatzen dizkiegu haurrei (eta irakasleei, etengabe Angel Erroren gogoeta kezkagarria bainoago zirikagarria inguruka dabilkigula: literatura, orain arte ezagutu dugun moldean, gaur egungo irakasleen belaunaldiarekin desagertuko da...), eta gonbita subliminala egiten diegu errealitatera leihotik sar daitezen, eta saiatu egiten gara hara igotzeko, aulkiaren ordez, liburu egokiak ipintzen, eta gonbita esplizitua egiten diegu txikitatik sortzaile izan daitezen, literatura erlatibizatu eta aldi berean bidelagun izan dezaten. Eta, hala ere, bat egiten dugu Antonio García Teijeirorekin: “Eskolaren hain menpe egongo ez den unean, ez eskolatik desagertzen denean –hori, inolaz ere ez–, eskolako hormak naturaltasunez gainditu ahal izango dituenean, orduan hitz egin ahal izango dugu literaturaren normalizazioaz”.

hemeroteka

2187. zenbakia | 2009-06-07
2185. zenbakia | 2009-05-24
2183. zenbakia | 2009-05-10
2181. zenbakia | 2009-04-26
2179. zenbakia | 2009-04-05
2177. zenbakia | 2009-03-22
2175. zenbakia | 2009-03-08
2173. zenbakia | 2009-02-22
2171. zenbakia | 2009-02-08
2169. zenbakia | 2009-01-20

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan