2009-06-21 -- 2189.zenb
Ziabelarrak, Galium verum, esnea ziatu eta gizakia berotzen du. Belar honek baratze bazterretan lagun duen mendak, Mentha sp., bestelako lanak egiten ditu. Esneari menda nahastuz gero ezin gatzatuko da. Erdi Aroan, esne emaria ez agortzeko, txaplatan bilduta bularrean jartzen zuten emakumeek. Libidoa berotzeari dagokionez, bai aldeko iritziak bai kontrakoak, denetatik topa daiteke.
Historiaren hasierako mendea omen zenean, grekoek sexurako akuilu zela zioten, baita abortu-eragile ere ordea, emakumea antzutzen omen du eta. Azken hau izango da, beharbada, mendak batzuetan, Egipton adibidez, infernutar eta hileta-landare gisa izan duen ospearen arrazoia.
Grekoen artetik alde egin gabe, hiru mende aurretik, Aristotelesek Arazoak liburuan garaiko esaera bat jasotzen du: “Mendarik ez landatu eta gudarako ezta jan ere”. Mendak, inondik ere, gizonari hazia edo esperma sortzea eragozten zion eta, ondorioz, gudarako adorea eta gizontasuna makaldu. Bazen, ordea, esaera horri beste iturri bat aitortzen zionik. Alegia, lizunkeria eta haragikeria sustatzen omen zituela eta, jeneralek ez zuten ametitzen gudariek ez menda jatea ezta eskuetan ibiltze soila ere. Haragirako anaitasunak gerrako jarrera hiltzaileak behar duen kemena pattaltzen, nonbait... Militar, politiko eta bestelako erlijioen eragozpen, debeku eta galarazpenek zuzeneko bidea zein den ederki adierazten dute, gehienetan: diotenaren alderantzizkoa.
Umetan ohepean genuen guk menda sorta. Ohe-buelta osoa mendaz igurtzi eta gero burupean uzten erakutsi zigun amonak. Usainagatik egiten genuelakoan ginen. Gerora jakin dudanez, arkakusoak uxatzen ditu.
Lantokiko sarrerako espaloian, zuhaitzak landatzeko uzten den tarte horietako bi txorko ditu aurrean Oiartzungo Ugaldetxo Industrialdeko lantegi honek. Aldamenekoaren aurreko txorkoan pago bat bizi da, itzalpe ederreko abaroan langileak hartuz. Lantoki honetakoek, batere zalantzarik egin gabe, itzala baino nahiago dute ahorakoa. Ahorakoa eta ausardiaz, alajaina piperminak, Capsicum annuum, var. frutescens. Lan horretan ari denak badaki; ederki ongarritu ditu eta landareak binaka jarri ditu, baratzeetan ohi den gisan.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa