Astekaria

 Bertso berriak 

Maitematikak

I Maitasuna da ia guztiok dugun kezka nagusia, baina ez dut nahi egin sorta bat polita bezain kursia. Matematikaz eta zientziaz dena dakit buruz ia. Askorentzako konparaketa izan arren itsusia, matematikak ta maitasunak badute zer ikusia.   II Neskek bularren tamainagatik sarri a ze apurua mutilek ere neurriagatik maiz jana dute burua. Ta ahal den gehien probatzea noiz ez da izan helburua? Nahiz eta askok sarri ukatu hain da gauza segurua: bietan dira garrantzitsuak neurria ta kopurua.   III Bikoteentzat “bikoiti” edo “bakoiti” daude bi izen. Bikoitia da parrandakoa, dena dago ahal den grisen, bitan zatitu ezkero ez da hondarrik ere gelditzen. Baina hasita noizbait bikote bakoiti bat erdibitzen, bat ere ez da hasieran zen bezain osoa sentitzen.   IV Kilometroen distantziak du askotan zer mugatua, baita urteen diferentziak, nahiz ez izan pekatua. Urteak eta kilometroak bada zer biderkatua, emaitza horrek adierazten du bikotearen patua: harreman hori noraino izan daiteken konplikatua.   V Beste formula batekin ere badaukagu zer konproba. Sexua bider maitasuna da egin beharreko froga. Emaitzak dio harreman horrek iraun lezaken denbora, eta nahiz eta aldagai batek igual asko egin gora, bietako bat zero denean emaitza ere zero da.   VI Nahiz aurrekoaz neur liteken harreman baten eskala, bihotz barrutik ezin da kendu beti sartzen den ezpala. Bada lege bat betetzen dena grabitatea bezala. Zoritxarrean harremanetan proportzioa da hala: emozioa gutxitu ohi da denbora hazi ahala.   VII Harreman baten egonez gero ohi den bezala luzaro, ez du inporta ze garaietan zahartzaro nahiz gaztaro. Onean nola izaten garen zoritxarraren esklabo, maitasunean ere aldaketa erraza da berez, klaro: positibotik negatibora marra bat baino ez dago.   VIII Nahiz ta jendeak pozik egiten duen sarritan irrintzi, nik betirako maitasunaz dut hainbeste aurreiritzi. Esperantzaren atea berez ez dudan nahi arren itxi. Infinitua ta maitasuna bi gauza antzeko, bitxi; asko hurbildu arren ezin da inor bertara iritsi.   IX Hori izan da nik maitasunaz botatako predikua, zientziarekin konparatzea ez delako delitua, eta pena dut bertso hauetan guztia ez kabitua bien artean antzekotasun bat baita infinitua: bietan dugu zer ikasia eta zer deskubritua.   Doinua: “Mundu honetan holako gauzak”.

Irudia

Jone Uria


2188. alea
2009-06-14
alde 0    kontra 0
Jone Uria
(XDZ)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia