Astekaria

 Landareak 

Esne-esnetan

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2188. alea
2009-06-14
alde 0    kontra 0
Galium verum
Galium verum

Europako ipar muturrean muki-belarra, Pinguicula vulgaris, dute gatzagi. Esnea mami, jogurt, gaztanbera, gazta... bihurtzeko mirarigile. Gatzatu horiek makina bat negutako gosea arinduko zuten. Gaur gutizia ditugu, Europa aldean behintzat. Muki-belar karniboroak gatzatuari eransten dion kutsuak hango kulturen aho sabai txorrotxenak ere kitzikatuko ditu.

Kultura horietan ziabelar horia, Galium verum, baregarri edo lasaigarri gisa erabiltzen dute. Hegorago, ia kontinente osoan gatzagi lanak ere egiten ditu. Ziatzea mamitzea, gatzatzea izaki, ziabelar izenak ederki dio; gatzagi-esne eta legar-belar ere deitzen zaio. Gatzatu eta ahosabai eta begien gozagarri, loretan erakusten duen kolore laru eder berarekin janzten du gazta ziabelar honek. Ingalaterran, Gloucestershiren, Double Gloucester deituriko gazta sonatua egiteko darabilte. Landare genero honen Galium izena, esnea esan nahi duen grekoko gala hitzetik dator, eta verum-ek estandarra edo benetakoa dio. Gaztaz gain, ileak horituz horailtzeko ere ona da. Txaplatan jarrita odol jarioak gelditzen ditu eta erredurak sendatu. Dioscoridesek, duela 2.000 urteko mediku greko ezagunak zionez, sustraiak larrutarako gogoa berotzen du. Eta ziabelar inaurkinarekin koltxoiak betetzen zirenez...

Ziabelarrak esnea bezala, zaurietako odola gatzatu edo biltzeko duen gaitasuna ikertu izan da. Hartzigarri berezi bat badu, baina garraztasuna ematen dioten azidoak, zitrikoa tartean, omen dira kakoa. Garratzak eta mikatzak diren landare guztiak bezala jateko gogoa pizten du.

Berotu, piztu, zaurietako odolak bildu... Hau da hau landare honekin dugun mahuka! Eta halaxe azaltzen zaigu, baratzetan, soroetan... Ukituz gero kateatu egiten da, heldu egiten du, itsatsi egiten zaigu, arantzarik gabe gozo, hartu eta eramateko esanez. Ez alferrik Espainian amor de hortelano eta Frantzian herbe collante eta prend main esaten diote.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia