Astekaria

 Liburuak 

Biolento baten liburua

Igor Estankona

Igor Estankona


2188. alea
2009-06-14
alde 0    kontra 0
Azken bala (La última bola)

Hasier Larretxea ::Azken bala (La última bola)

Poin de Lunettes

Orrialdeak ::104

prezioa ::12€

Azken bala gatazka sakon baten isla da. Kanpoko gatazkek sortutako barne-pitzadurak ageri-agerian jarri ditu idazle baztandarrak liburu honetan. Poeta garai konkretu batean ei da poeta, eta Larretxeak hainbat arantzari buruz idazteko beharra sentitu du orain. Ez lehenago, ezta geroago ere, ezpada orain. Eta horrek freskotasun handia eman dio liburuari.

Krisi pertsonal baten zantzuak ageri dira nahinon, eta karga pisutsu hori gainetik kendu ahala irakurleari pasatzen dizkio Larretxeak tristura, dezepzioa eta herra. Poesia humanoa da, poesia lirikoena bezain humanoa, baina halabeharrez idazlearen alde edo kontra lerratuko zara: Larretxeak ez du ia ezertan amore eman. Liburu hau ez da hitzen aterpe bat, euripean eta biluzik irakurri behar da. Eskertzen dira halakoak, poema sano konprometituek adore handia eskatzen dutelako. Seguru gogorra egingo zitzaiola idazleari berari ere “egia” hori azalera ekartzea, kontuan harturik egia ez dela bakarra, eta ez dakartela egunkariek.

Baina gauza bat izan ohi da iluminatuaren adorea eta beste bat eraginkortasuna. Arrakasta edo porrota neurtzea ez da, kasu honetan, batere erraza. Zelan identifikatu azertu lirikoa edo akatsa, hotzean irakurtzen duzunean beroan idatzitakoa?

Larretxea poeta itzela dela ezin uka daiteke. Idazkera elegante eta bortitzarekin mezua helaraztea lortu du: “Erre ezazu autobusa./ Erre, kutxazain automatikoa./ Erre, zaborrontzia./ Erre ezazu auzo guztia./ Herria, hiria./ Basoa.// Su horretan zu erre baino lehen”. Poesiaren exijentziak, ostera, astunak dira ideologien exijentzien aldean. Gezurra egia bezain eder esateko poesiaren gaitasun osoa menperatu behar da, eta horretan Larretxea sinpleegi aritu da maiz, pobreegiak egin zaizkit zenbait azalpen, xehe eta zehatz eta garbi idazteari uko egiten duela ematen du batzuetan: “Egin zenuena/ eginen ez bazenuke// Ihart semearekin egonen zinateke/ egunero jostatzen”.

Gertatzen ari dena kontatu eta sentitzen dena esan, horiek dira Azken balaren klabeak. Interesatuki askok kontrakoa adierazi duen arren, liburua ez da bakearen aldekoa. Izatekotan, norbere egia intimoaren aldekoa da. Gardena eta biolentoa. Purifikazio oro bezala, literarioki arriskutsua. Hitza hartu du Hasierrek, ordea, jakitun hitza ez dena hustasuna dela, hitza ez dena isiltasuna dela, eta isiltasuna sano kaltegarria dela.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza