Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2009-06-14 -- 2188.zenb

Xipri Arbelbide (Apaiza eta idazlea)

Xipri Arbelbide

Leizean barna goaz. Frantzian berean, 3.000 langabe gehiago bada egunean. Niretzat ulertezina: nolaz lantegi batetan lanik ez delarik denentzat, langileen erdiak kanporatzen diren, beste erdiek soldata osoa izan dezaten? Neure zozoan usteko nuen gelditzen den lana denen artean banatua izanen zela, denek soldata bat izateko. Ez naiz mundu modernokoa ez eta postmodernokoa!
 
Gero eta gehiago krisian sartzen ari beraz. Zerk ekarri duen krisia? Euria bezala zerutik jautsi ote litzaiguke? Gauza segurra: ez da hobendunik. Bat ez dut entzun aitortzen, ez politika, ez ekonomia munduan: “Ikusi eta nora eraman dudan lur hau, ez naiz gai kargu honetan segitzeko”. Nehor ez da gaztigatua izan, salbu zuek eta, mundu osoa kakan sartu duelakoz. Gure geroa eskutan zeukatenak beti boterean daude. Munduaren “gidatzen” (?) segitzen dute. Nora? Berek balekite! Gauza kuriosa, harrigarria! Eraman gaituzten kinka tzarrera eraman eta, haiei konfidantza egitera bortxatuak gara, sartu gaituzten leizetik ateratzeko?
Ez direla denak hobendun? Ezin uka. Edo ez dira ohartu zeramaten politikak leizera eramaten gintuela. Beraz ez dira gai munduaren kudeatzeko.
 
Edo jakinean ziren eta ez dute ezer egin. Auzitegietara jauki behar litezke eta bizitzarako kartzelan sartu. Bakarrenak kartzelan daude gutxiagorentzat! Baina beren karguan daude beti eta ezer gertatu ez balitz bezala bide beretan segitzen dute. Hala nola gure lurra hiltzorian ematen duten beribilek. Hauen industria kolokan izanez, iduri luke paradaz baliatu behar luketela beribilik gabeko munduari buruz bihurgunea hartzeko. Baina mila milioika sartzen dute dirua, industria sail honi bizi berri bat emateko, gure airea gero eta gehiago kutsatuz.
 
Jendetasun, gizontasun aldetik ez gabiltza hobeki. Goiz honetan entzuten nuen egun oroz aipatzen diguten Mexikoko gripeak “jadanik” 84 hil egin dituela. Egun oroz ikaran gauzkate pandemia horren berriekin. Baina inork ez digu inoiz erraten, urte oroz hiru milioi afrikar hiltzen dituela malariak. Musikan, bi beltz behar dira zuri bat egiteko. Gure arduradun argituentzat asko eta asko gehiago behar da, gizon zuri bakar baten egiteko.
 
Bota garapena, bota kontsumismoa. Batzuentzat. Eta leher egin dezagun. Denek. Mundua zangoz gora daukate. Jakinean. Bai, Requiem kantatu beharko dugu nire azken liburuak dioen bezala.

Imanol Alvarez (Irakaslea)

Imanol Alvarez

Ibarretxek esan ohi zuen “psoezialistak” ez direla fidagarriak. Arrazoi du. Gogoratu baino ez dugu egin behar Gonzalezek egindakoa: GAL...; edo Zapaterok nola engainatu gintuen negoziazioaren kontuarekin, gerora errepresio basatira pasatzeko.
 
Gizalegebako errepresio honen isla den Alderdien Legeaz baliatuta, frankismoa kondenatzeari uko egin dioten peperoek lagunduta, heldu dira Ajuria Eneara estatu-terrorismoa bultzatu eta oraindik barkamena eskatu ez dutenak. Heldu diren moduan heldu direla, osatu duten gobernua ezingo da inoiz zilegitasunez aritu, egiten duena egiten duela ere. Hala eta guztiz, egiten dutena herriarentzat onuragarria izatea nahi nuke.
 
Goizegi da emaitzak ikusteko. Momentuz berba eta berba egin dute, baina ekintza gutxi. Berba asko. Batzuek onesgarriak dirudite. Baten bati tranpa nabaritzen zaio, ordea. Adibidez, ondo ezagutzen dudan Celaá andreak esan berri du hiru hizkuntzaren ezagutza –gaztelania, euskara eta ingelesa– bultzatu eta bermatuko dituela. Ederto. Baina baieztapen horrek alde iluna ezkutatzen du: desagertzear zegoen A eredua berrindartzeko asmoa du, hiru hamarkadatan argi baino argiago gelditu den arren eredu horrek ez duela inondik inora bermatzen euskararen ezagutza. Ekintza gutxi. Batzuk itxaropen guztiak galtzeko modukoak: euskaraz ez dakien eta preserbatiboa publikoki gutxiesten duen andre bat jarri legebiltzarburu; EITBko zuzendaritzarako eskuin espainol(ist)aren bozgorailua den Vocento taldeko gizon bat proposatu, hau ere erdalduna.
 
Aurreko batean aipatu nuen baikortasunagatik-edo, zerbait positiboa ere ikusi dut eginikoan: lehen aldiz lehendakari kargua hartzeko zinaren protokoloan erlijio ikurrik ez. Bazen garaia! Benetan lotsatuta eta irainduta sentitzen nintzen, euskal herritar –edo hiritar– naizen aldetik erabili ohi zen formula entzuten nuen bakoitzean: “Jaungoikoaren aurrean apalik...”. Areago, hitzok gurutze baten eta bibliaren aurrean esaten zirela ikusita. Oraingoan, egia, ez dut ez gurutzerik ez bibliarik ikusi, ezta ezein jaungoikoren arrastorik ere. Baina bestelako goiko jaun batzuk –eta andre– ikusi ditut, uniformedun batzuk, uniforme barik besteak. Horiek ere ez ditut batere gustuko. “Koroari eta Konstituzioari leialtasuna erakutsiz” esanez egin zuen lehendakarigaiak zina. Nire poza putzura, amets zoroen modura. Berriz sentitu naiz irainduta, euskal herritar –edo hiritar– naizen aldetik.
 
Ibarretxe ez zen denon lehendakaria, ez zen nire lehendakaria. Lopez are gutxiago.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan