Ni ez naiz feminista

Eider Rodriguez
Dani Blanco
Izan ere, zein espaziotan gauden, feminista garela onartzea suizidioa izan daiteke. Real Madrid eta Athleticen arteko futbol partidara joan eta, ikurriña aurpegian pintatua duzula, Ultrasurren harmailetan esertzea bezalakoa da. Zisjordianako checkpoint batean militar bat urezko pistola batekin xaxatzea bezalakoa. Zuhurtzia kontua.
 
Beraz, agian, Katixa, zure ikasleek espazioa usaindu eta behatu ondoren egiten duten baieztapena da. Zuhurrak direlako. Badakitelako, zapaltzen duten espazio hori ez dela guztiz beraiena, erdia ere ez dela beraiena. Badakitelako, “ni feminista naiz” esanda –gela guztiaren aurrean, gainera!–, gainerako gelakideak okertu egingo liratekeela. Haiek direnarekin bat ez datorren irudi bat egingo dutela gainerakoek “feminista” gisa azaltzearekin bat. Eta hori ez da oso interesgarria. Batetik, irudi hori okerra izango delako. Bestetik, aurrerantzean salduta geldituko delako, eta oso prezio ezdeusean gainera, hau da, trukean ezertxo ere jaso gabe.
 
Beraz, “Ni ez naiz feminista” esanda, zure ikasle horiek neutral azaldu nahiko dute. Baina esan eta berehala ohartuko dira, baieztapen hori ere ez dela osoa. Feminista hitzak gauza on askoak ere badituela barruan, eta esaldia biribiltzen ahaleginduko dira: “Ezta matxista ere”. Hori esanda, feminista izatea beraientzat zer den argi uzten dute: matxistaren kontrakoa. Eta zer da matxista izatea? Emakumezkoak gutxiestea emakumezko izate hutsagatik. Eta beraz, zer da feminista izatea? Gizonezkoak gizonezko izate hutsagatik gutxiesten dituzten emakumezkoak dira feministak. Horrela bakarrik uler dezaket esaldi horren logika.
 
Eta beraz, jainkoak libra ditzala, zure ikasleek ez dituzte gizonezkoak gutxiesten. Eta gizonak gutxietsiko balituzte ere, ez lukete gelakideen aurrean aitortuko. Ez dira hain ergelak. Batetik, esaldi hori esaten dutenak, emakume eta heterosexual direlako normalean, eta ondorioz, ez dutelako balizko estalketa saio baterako gelako hautagaietatik bakar bat ere uxatu nahi –lesbianek errazagoa dute feminista gisa azaltzea, kasu horretan, eta kasu horretan bakarrik–. Bestetik, badakitelako, espazioa –sukaldetik eta arropa dendetatik kanpoko espazio guztia, esan nahi da–, gizonezkoena dela, eta espazio horretan mugitu nahi duen edonork onartu behar duen zerbait da hori. Jokoaren arauak: “Gonbidatuen etxean zaude, formal ibili” xuxurlatzen diete zelulek. “Ez ezazu esan janaria txarra dagoenik” gaztigatzen die kortexak.
 
Emakumezkoek neutral agertu nahi dute. Bakean. Normal. Arazorik gabe. Maitagarri. Lagun. Kide. Gizonezko.
Lastima eme jaio izana. Hurrengo batean, agian.
 
* * *
 
Feminismoa eta ezkerraren urtzea batean ikusten ditut nik. Azken batean, zuk, Juanjo, aipatzen duzun patriarka horrek –zeina hizkuntza handi batean mintzatzen da, bai, eta gainera, zuria eta heterosexuala da, demokrata eta ez nazionalista– agintzen du. Berea da dirua, eta ondorioz, berea sinesgarritasuna. Berea da entzuten den ahotsa eta berak diktaturik idazten dira hiztegiak. Horregatik inork ez du feminista izan nahi. Feminista hitzaren definizio patriarkala zatarra delako: gizonezkoak gorroto dituen emakume frigido eta iletsua. Eta inork ez dituelako emakume zatar, frigido eta iletsuak maite. Gizonezkoek ez behintzat.
 
* * *
 
Eta orrialde honen mugek ez dutenez gehiagorako ematen: guk ere ez al dugu, Katixa, gure izen-abizenen ondotik emakume hitza mandeulia bailitzan uxatu behin baino gehiagotan? Zergatik?

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-02 | Euskal Irratiak
Maialen Berra Zubieta: "Baionan ere queer mugimendua bada"

Bitxi Bitxi queer kolektiboa sortu dute hogei bat kidek berriki Baionan. Queer izatea, heteronormatibitatetik kanpo izatea da besteak beste. Baita genero ezberdinen adierazpena sustatzea ere.


Eguneraketa berriak daude