Astekaria

 Azkena 

Kanpoak barrua eragingo?

Euskal politikan unean uneko kontuek hartzen dute arreta. Europako hauteskundeen ingurukoak arreta ez ezik aparteko garrantzia ere hartu du. Aukera egokia galdu da, berriz, ezkerreko sektore independentistek zerrenda bateratua aurkezteko, helburua Estrasburgon pertsona bat izatea baino, zaila dena gure mugetan, sektoreotako herritarrei ihintzak udan ura bezala behar duten ilusio-bultzada ematea izanda, epe ertainean Euskal Herrian gauzatu zitekeen ezkerreko bloke baten balizko abiapuntu. Baina ez dagoena balego! Horren esperoan dagoena dago.   Dramaturgo ezaguna buru duen zerrendaren aldeko botoa eskatu du ezker abertzaleak; eta bat nator, unea une. Hiztegia tentuz erabili dute zerrendaren bultzatzaileek betikoari erantzun eta Estatuaren lege-galbahetik pasatzeko, biolentzia monosilabo batez ezin dela epaitu baina horren “praktikarekiko jarrera argia” agertuz. Era horretan bide bat zabaldu zaio ezker abertzaleari gerora begira, pare bat urtera izango diren udal hauteskundeetan presente egon behar duelako, bere proiektu politikoa birtuala izaten amaitzea nahi ez badugu behintzat, eraginkorraren kontrakoa hain zuzen. Egon beharra, galbahetik pasatu behar bada ere. Azken finean, ba ote da negoziazioa izan aurretik galbaheak desagertuko dituztela pentsatzen duenik? Negoziaziorako behar den indar-metaketa birtualeko eremutik etorriko dela pentsatzen duenik? Birtualezko urak ez du errota mugitzen. Funtsean hiztegia tentuz erabiltzea baino gehiago prozesu politikoan zerk egon behar duen eta zerk ez da birpentsatzekoa. Ekintza eragintza bihurtuta.   II-HErekin (Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna) aukera erreala dago pertsona bat Estrasburgon izateko, indarrean den eredu sozio-ekonomikoaren kontra aritzeaz gain euskal gatazkaren konponbidea handik ere zabaltzeko. Bai, Europako laguntza beharrezkoa da konponbide horretan, ezker abertzaleak sarri gogoratu legez, baina laguntza horrek ezinbestean eskatzen du etxe barruko lanak ondo egitea, ez dadin gertatu kanpoko saiakerak behar adinakoa ez topatzea barruan. Azkenean, prozesuaren aldekoen teilatuan da arazoa, negoziazio prozesuaren nolakoa bera ere birpentsatzean, seguru asko, aurrekoek emana abiapuntu.   Bada beste kontu bat ere panorama politikoaren saltsan, ezker subiranistaren esparruan nork-zer-zenbat argituz joatea, gerora begirako blokearen bidean inork bere lumak larregi harrotu ez ditzan, are gehiago berdintasunean jokatu ez diren partidetako emaitzak erreferentzia hartu nahian. Eta hau kolpea datorkiguna! Kanpoko zerrendek neurtuko dute barruko indar-korrelazioa! ERC buru duen zerrendaren aldeko botoa eskatu dute alderdi batzuek, eta II-HEri ezker abertzaleak. Izango da, bai, zer kontatua hauteskunde gauean, hautesleria subiranistaren lehentasunak argitzeko, gerorako blokearen lidergo konpartituaren oinarriak zehaztuz joateko. Dena dela, ulertzen gaitza zaidana da Ipar Euskal Herrikoa. Urteotako batasuna hautsi egin da oraingoan; ezker abertzaleak zerrenda propioaren alde egin du eta beste sektore batzuek Estatuko hegoaldeko hautes-barrutian laborari ezaguna buru duen Europe Ecologie zerrendaren alde. Nago ni zerrenda honetakoek, II-HEkoek bezala, eta jakinda ez hura ez hau “gureak ez direla”, indarrean den eredu sozio-ekonomikoan aldaketa estrukturalen alde egiteaz gain euskal gatazka konponbidean sartzearen alde ere egingo dutela. Baina tira! dagoena dago eta ez dagoena balego!

Iñaki Antiguedad

Iñaki Antiguedad


2187. alea
2009-06-07
alde 0    kontra 0
Iñaki Antiguedad
(Dani Blanco)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 1# | elosegi | 2009-06-04 12:50:50

    zorionak! Ipar Euskal Herriari buruzko zure ideiak direla-ta ("kanpoak barrua eragingo?")... harrigarria baita "politikoki zuzenak" diren ideietarik (hau da Batasunaren ideietarik) kanpo diren iritziak ezker abertzaleko kide esanguratsu baten ahotik entzutea. Bihotzaren gozagarriak!! Milesker

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia