Neronek jarriak

I Aspaldi asko entzuten dena ahoz-aho, atez-ate, zer zabalkunde eman dioten ez nintzen jantzi gaur arte. Nahiz gaur arte ez lortu sortu, sortzaile, sortu... Tropelera naramate: Ireki dudan karta batean halaxe deitu didate.   II Lehen orria zabaldu orduko hizki larritan hor zera. Zein jende modu iritsi ohi da maila goren hau lortzera? Galoi gorena lortu sortu, sortzaile, sortu... Dabil hitzetik hortzera esaidazue zein alde dagon egitetikan sortzera?   III Halako marka merezi badu bertsolarien aferak, antzerkilari nahiz musikari biltzen du izara berak. Sortu, sortzaile, sortu... Denek ez dute lortu: arotz, iturgin ta zerak... Titulu hori nork ipintzen du besteek edo norberak?   IV Liburu baten irakurri dut esplikazioz beterik: Ez da sortzerik, ez da sormenik eta ez da sortzailerik. Sortu, sortzaile, sortu... Nahi baduzu zuk lortu ni bat nator hortan berik: Ez dut desio mundu guztiak plater beretik jaterik.   V Bertsoan zentra gaitezen eta semantika nabarmendu: “Bota” ta “jarri” egin izan dut –igual “erori” ta “kendu”–. Ezin dudana lortu sortu, sortzaile, sortu... Eta mundura zuzendu: Gure jarduna globalizatu nahi dugula ematen du!   VI Forma malguak hartzen baditu marmolak edo harriak, ulertzeko lain egingo al du nire burmuin elbarriak? Sortu, sortzaile, sortu... Esplikatzea lortu hitzez nahiz hizkiz jarriak bizkarrik ez dut kenduko eta pronto dauzkat belarriak.   Doinua: “Iparragirre abila dela”.

Unai Agirre

Unai Agirre


2009-05-31
Unai Agirre
(Nagore Legarreta)


Argia.com 2012