Astekaria

 Bestelakoak 

Munduko artista guztiok elkar gaitezen!

Aspaldi zaharrean, desiratzeak balio zuen garaian, antzerki biltzar bat egin zen Zarautzeko aterpetxean. Bertan ikusi eta entzun nuen lehen aldiz Helder Costa antzerkigile portugaldarra. Bilkura hartatik dudan oroimenik garbiena da Costak bere hitzaldia nola hasi zuen: “Ni marxista-leninista naiz”; eta handik aurrera antzerkiaz mintzatu zitzaigun.   Jakina gaur egun halako sarrerarik egingo duenik ez dugu topatuko, baldin eta pertsona zaharkitutzat hartzea nahi ez badu behintzat. Eta beharbada normala izango da. Halakoak bestelako foroetan entzuten genituen, beti ere ideia ideologikoen aldarrikapen foroetan, ezkerreko mugimenduetan eta langile eta ikasleen proklametan. Antzerki bilkura batean ordea... Jakina, baziren ideologi horretan lerratzen ziren hainbat eta hainbat antzerkigile eta antzezlari. Izan ere, kulturaren munduak ezkerrekoa baino ezin zuela izan zirudien; 68ko maiatzaren eraginak agian.   Kontuak kontu, mintzaldi hartan interesgarriena izan zen bere antzerkigintzaren jarduna abiapuntu ideologiko batekin lotzen zuen bidea. Gogoeta sakon bat zegoen bere antzerkigintza eta jarrera ideologikoa lotzeko orduan, koherentzia mantentzeko garaian. Eta guzti hau etorri zait burura egungo egoera sozio-ekonomikoa ikusita.   Arte eszenikoetan, jendartean bezala, badirudi ideologiak desagertu egin direla. Kezka dut ez ote garen buru belarri sartu kultur alienazioaren atzaparretan. Jakina, gauza ez da eskenatokia bandera gorriz estaltzea, baina Marx irakurrita zerbait ikasi banuen izan zen langileak duen gauza bakarra bere lan ahalmena dela eta hori defendatu beharko duela eroslearen aurrean. Arte eszenikoetako langileok zer dugu saltzeko, edo “eskaintzeko” nahi bada, gure sormen ahalmena ez bada? Horretan ez gara beste edozein langileren ezberdinak. Jendartearen gorabehera sozialak eta ekonomikoak guregan badute eraginik, are gehiago kulturgileen lan prekarietatea kontuan hartuta. Zergatik orduan ez zaigu kolektibo gisa ikusten halako egoerak salatzen eta bestelako antolamendu sozial zein ekonomikoa aldarrikatzen? Komunikatuak sinatzen ditugu, hango eta hemengo aldarrikapenak sustatzen, geure izena eta aurpegia erakusten, baina sektore dinamikoa ote gara jasaten dugun antolamendu ekonomiko-sozial honen salaketan? Orduko hartan Helder Costak zioen marxista-leninista zela, eta nik... nik gustukoa dut oso Helder Costa.

Joxemari Carrere Zabala

Joxemari Carrere Zabala


2186. alea
2009-05-31
alde 0    kontra 0
Joxemari Carrere
(Conny Beyreuther)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia