Astekaria

 Liburuak 

Errealismo errumaniarra

Irudia

Manu López Gaseni


2186. alea
2009-05-31
alde 0    kontra 0

Xabier Mendiguren Elizegi ::Egun bat Petre Romanescuren bizitzan

Erein

orrialdeak ::68

prezioa ::8€

Egun bat Petre Romanescuren bizitzan ipuina Xabier Mendiguren Elizegi editore eta idazlearen bigarren Zarauzko Lizardi Saria izan da, 1988an Montse-txikiren azio handiak delakoarekin nagusitu ondoren. Eta, azken urteotako ohitura berriari jarraituz, irabazlea aldarrikatzearekin batera aurkeztu da liburuaren edizioa.

Tituluak Alexander Solzhenitsyn-en Egun bat Ivan Denisovich-en bizitzan gulag-eko bizimoduari buruzko eleberri laburraren oihartzunak omen dituen arren, Egun bat Petre Romanescuren bizitzan haur literaturan oso ohikoa den “eskolarako idazlanaren” aitzakiarekin idatzita dago. Haatik, Petreri ez zaio idaztea gehiegi gustatzen, eta nahiago du eguneko gorabeherak azken urtebetetzean oparitu dioten bideo-kameraren bitartez jasotzea. Edonola ere, liburua osatu duen testua idatzizkoa zein mintzatua izan, mardul-mardula eta biribil-biribila atera zaio lehen pertsonan kontatzen digun Petre gazteari.

Kontuak kontu, errumaniar familia osoarekin batera igarotako egun bat kontatzen digute Petreren kamerak eta ahotsak zuzen-zuzenean, gauzak gertatzen ari diren unean bertan. Furgonetan sartu, eta mendira abiatu dira piknika egingo duten tokiaren bila. Petreren jardunean nahastu egiten dira gertakizunen narrazioa eta zinemako kontu teknikoen azalpenak (flash-back, elipsia...), eta bietan antzematen zaio narratzaile sena. Kamerak jasotzen duenaren arabera, familiako helduek askotariko lanbideak dituzte: igeltseroa, tabernaria, argiketaria, txapista... eta, ustekabean, Petre Romanescuk “Kraiovako Beltza”-rekin zerikusia duen harreman ilun bat jaso du, eta konturatu da familiako kide batzuk aztoratuta dabiltzala horregatik. Une horretan etorri da ospakizuna hankaz gora jarri duen gertaera... eta hori ere kamera berriaz jasotzea lortu du Petre trebeak, era ezin bitxiagoan izan bada ere.

Liburuak, bistan denez, errumaniar etorkin batzuen bizimoduaren berri ematen du, haien pozak eta arazoak kontatzen ditu, eta horrekin bat egiten du Lizardi lehiaketan saritu ohi diren gai sozialeko beste haur obra askorekin.

Ez dakigu nolako nota jarriko zioten eskolan Petre Romanescuri lan horrengatik, baina Xabier Mendigureni notarik onena jarri diote. Zorionak.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza