2009-05-31 -- 2186.zenb
Joxerra Aizpurua (Industria ingeniaria)
Industriako jarduerek salgarria den zerbait ekoizten dute, batzuetan kate bateko azken produktua da, baina askotan katebegi bat baino ez da izaten. Hizkuntzaren industriak aipatu bi produktu-mota ekoizten ditu; batzuetan hizkuntza bera, hizkuntzaren inguruko teknologia edota itzulpenerako tresnak dira, baina produktu edo zerbitzu bat saltzeko edo eskaintzeko katebegiak ere, euskara edo espainola ezagutzen ez duen atzerritarra medikura joatean elkarren arteko komunikazioa erraztuko duen tresna edo zerbitzua adibidez.
Testu-prozesatzaileetan ditugun zuzentzaile ortografikoak edo enpresa batera deitzen denean “administrazioarekin hitz egiteko sakatu 1” esaten duen makina dira aplikaziorik arruntenetakoak, baina horiek negozio posible baten adarrak baino ez dira. Emigrazioak eta globalizazioak hizkuntza-zerbitzuen bultzatzaile dira, jendearen komunikaziorako eta ulertze-beharrak batetik eta produktuak gizarte eleaniztun batean kokatu behar izateak bestetik, gero eta tiradizo handiagoa eragiten baitute hizkuntza-zerbitzuen alorrean.
Euskal Herrian aspaldiko kontuak dira hizkuntzaren industriaren inguruko burutapenak. Orain hiru hamarkada euskara industrian erabilgarri izateko urratsak ematen hasi zirenetik gaurdainoko epean enpresa eta talde ugari antolatu dira euskara eta gainerako hizkuntzen arteko konexio-bideak indartu nahian. Gainera, euskarak beste hizkuntzekiko duen egitura desberdina dela eta, beste hizkuntzetan ez bezala teknologia bereziak garatzera bultzatu ditu gure ikerketa-enpresak eta horrek abantaila konpetitiboa ekar diezaguke; baina aitortu beharra dago jarduera horiek ez direla orain arte industriatzat hartu pertsona eta erakunde askoren baitan.
Gipuzkoako Foru Aldundiarena izan da hizkuntzaren industria industriatzat hartzeko ezagutu dudan ekimen garrantzizkoenetakoa garrantzizkoena izan ez bada.
Gipuzkoatik abiatuz, bertan baitugu hizkuntzaren industrian aritzen diren enpresa sorta dibertsoena, posible al da gure hizkuntzaren industria Europan zein mundu mailan estrategikoki kokatzea? Galderaren inguruan hizkuntzaren industrian egindako azterketarik sakonena egiten ari dira inplikatutako eragile asko.
Ez dakit zein emaitza aterako den eta beraz ez zait zilegi iruditzen aurreiritziekin hastea. Ingrediente onak egon badaude, esperientzia eta gaztetasuna, enpresa desberdinak eta sektore anitzekoak, amets egiteko ahalmena... eta industriatzat hartzeko eman beharreko urratsen inguruko kontzientzia orokorra ere bai.
Hurrengo baterako, beraz, emaitzen inguruko iritzia.
Joxemari Carrere Zabala (Ipuin kontalaria)
Aspaldi zaharrean, desiratzeak balio zuen garaian, antzerki biltzar bat egin zen Zarautzeko aterpetxean. Bertan ikusi eta entzun nuen lehen aldiz Helder Costa antzerkigile portugaldarra. Bilkura hartatik dudan oroimenik garbiena da Costak bere hitzaldia nola hasi zuen: “Ni marxista-leninista naiz”; eta handik aurrera antzerkiaz mintzatu zitzaigun.
Jakina gaur egun halako sarrerarik egingo duenik ez dugu topatuko, baldin eta pertsona zaharkitutzat hartzea nahi ez badu behintzat. Eta beharbada normala izango da. Halakoak bestelako foroetan entzuten genituen, beti ere ideia ideologikoen aldarrikapen foroetan, ezkerreko mugimenduetan eta langile eta ikasleen proklametan. Antzerki bilkura batean ordea... Jakina, baziren ideologi horretan lerratzen ziren hainbat eta hainbat antzerkigile eta antzezlari. Izan ere, kulturaren munduak ezkerrekoa baino ezin zuela izan zirudien; 68ko maiatzaren eraginak agian.
Kontuak kontu, mintzaldi hartan interesgarriena izan zen bere antzerkigintzaren jarduna abiapuntu ideologiko batekin lotzen zuen bidea. Gogoeta sakon bat zegoen bere antzerkigintza eta jarrera ideologikoa lotzeko orduan, koherentzia mantentzeko garaian. Eta guzti hau etorri zait burura egungo egoera sozio-ekonomikoa ikusita.
Arte eszenikoetan, jendartean bezala, badirudi ideologiak desagertu egin direla. Kezka dut ez ote garen buru belarri sartu kultur alienazioaren atzaparretan. Jakina, gauza ez da eskenatokia bandera gorriz estaltzea, baina Marx irakurrita zerbait ikasi banuen izan zen langileak duen gauza bakarra bere lan ahalmena dela eta hori defendatu beharko duela eroslearen aurrean. Arte eszenikoetako langileok zer dugu saltzeko, edo “eskaintzeko” nahi bada, gure sormen ahalmena ez bada? Horretan ez gara beste edozein langileren ezberdinak. Jendartearen gorabehera sozialak eta ekonomikoak guregan badute eraginik, are gehiago kulturgileen lan prekarietatea kontuan hartuta. Zergatik orduan ez zaigu kolektibo gisa ikusten halako egoerak salatzen eta bestelako antolamendu sozial zein ekonomikoa aldarrikatzen? Komunikatuak sinatzen ditugu, hango eta hemengo aldarrikapenak sustatzen, geure izena eta aurpegia erakusten, baina sektore dinamikoa ote gara jasaten dugun antolamendu ekonomiko-sozial honen salaketan? Orduko hartan Helder Costak zioen marxista-leninista zela, eta nik... nik gustukoa dut oso Helder Costa.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa