2009-05-24 -- 2185.zenb
Egipto, K.a. 1158. Edo beste modu batera esanda, Ramses III.aren erregealdiaren 29. urteko uholdeen urtaroko bigarren hilabetea. Dayr al-Madina Tebasen parean, Niloz bestaldean zegoen 500 biztanleko herrixka zen, XIX. dinastian Erregeen Haraneko hilobiak eraikitzen zituzten langileak biltzeko sortua. Ordura arte, langileen baldintzak ez ziren batere txarrak, eginkizun handia baitzuten: faraoiaren betiereko bizitza bermatuko zuen etxea egitea. Hilabetero lau saski gari, ogia, gailetak, hamabost litro garagardo eta etxerako hainbat objektu eta tresna jasotzen zituzten soldata. Gainera, egunero arraina, barazkiak, fruta, esnea eta olioa ematen zizkieten.
Baina hilabete horretako 21. egunean langileek protesta egin zuten, 25 egun lehenago jaso beharreko soldataren zantzurik ez zutelako. Garia bi egun geroago iritsi zen. Baina handik hiru hilabetera, neguko bigarren hilabeteko 10. egunean hain zuzen, mobilizazioak berriro hasi ziren, berriz ere soldatarik jaso ez zutelako. Orduko hartan neurri gogorragoak hartu zituzten, ordea: lana uztea erabaki zuten eta itxialdia hasi zuten Ramses II.aren tenpluan. Historiako lehen greba dokumentatua izan zen.
Astebete iraun zuen, protestaldia hasi eta zazpi egunera langileek berriro jakiak jaso baitzituzten. Baina hurrengo hilabetean soldata ordainketa berriro atzeratu zen. Lehenengo greba horri buruzko informazio xehea Dayr al-Madinako eskribari esker iritsi zaigu. Eta horrenbesteko zehaztasunik gabe bada ere, XX. dinastia osoan zehar grebak bata bestearen ondotik egin zirela badakigu.
Horrek guztiak agerian utzi zuen faraoien sistema krisi ekonomikoan murgilduta zegoela. Krisiak, gainera, ustelkeria elikatu zuen: nepotismoa eta eskupekoak nagusitu ziren eta, hala, soldatak ez ziren osorik langileengana iristen, edo, besterik gabe, ez zen arrastorik iristen.
John Romer historialariaren iritziz, grebek Dayr al-Madinako gizartea hautsi zuten. Langileak etsaitzat hartzen hasi ziren langilezainak. Batzuen eta besteen interesak berberak ez zirela konturatu ziren eta komunitate txiki horretan klaseen arteko zatiketa nabarmen geratu zen. Lanik eta jakirik gabe, Dayr al-Madina hutsik geratu zen dinastia amaitu baino lehen.
Ramses III.a izan zen azken faraoi handia. Handik aurrera egiptoar zibilizazioaren gainbehera etorri zen.
AEBetako armadak babiloniarren garaiko Tora-ren eskuizkribu batzuk hartu zituen Bagdaden 2003an. Dokumentuak zaharberritu eta itzuliko zituztela agindu zuten. Baina orain arte ez dute halakorik egin eta, gainera, eskuizkribuak Israelen agertu dira berriki. Historialari irakiarrek adibide bat baino ez dela salatu dute, inbasioa hasi zenetik ejertzito estatubatuarrarekin batera lan egiten duten segurtasun enpresek milaka pieza arkeologiko lapurtu dituztela. Washingtongo gobernu berriak aferaren inguruko ikerketa egingo duela iragarri du, baina irakiarrek arrazoiak dituzte berriro ere hitza beteko ez dutela pentsatzeko.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa