Biko krisiari jarriak

I Bikote krisia hain da joera kutsatua egitura zaila baita, bi habez altxatua… ematen du zer esana eta zer pentsatua.   II Jakinda harreman batek bermerik ez daukala, horrek eskaini dezake ikuspegi makala, baina iraungitze datarik ere ez dauka, ala?   III Gure baitan sartu dena zuzen edo trabeska, emozioak ipintzen dizkiguna gainezka, gaur berezi baldin bada, bihar zergatik ez pa?   IV Bi batera mugatzea baztertuta burutik, ez al dago mantentzerik erlazio bat zutik, etengabe aberastuz bestearen mundutik?   V Barrua azaleratuz (azeleratuz) noiznahi sentitu bitxi, zirrarak azalberritu eta begiak itxi… ez dadin azalekoa izatera iritsi.   VI Jarraipena lan nekeza, errutinaren txanda… baina gainditzerik balitz inertziaren langa, egunero hasiera desberdin bat emanda…   VII Zein ote da sekretua, mamia edo muina, izan dadin begirunez jantzia eta duina, edonoiz zerbait eransten (eranzten) uzten duen ipuina?   VIII Interesa, jakin-mina… elkarrekin urtzeko, nahiz bidelaguna izan ibilbide luzeko, ez al du beti izango zerbait ezagutzeko?   IX Sabeleko tximeletak hegaldatuta ere, elkarrekiko grinari gerritik helduz trebe, maitatua sentitzea ez al da bizilege?   X Ez dut egia osorik ikusi nahi biluzik, edo egia erdirik, edo laurdena kasik, maitemintzea ez bada gezur handi bat baizik.   Doinua: “Garaziko herria”.

Alaitz Sarasola

Alaitz Sarasola


2009-05-10
Alaitz Sarasola
(Nagore Legarreta)


Argia.com 2012