Auto elektrikoa ez da sortu denentzat izateko

  • Petrolioa agortzen laster hasiko bada, zerk mugiaraziko ditu planetan dabiltzan ehunka milioi autoak? Baterietan metatutako argindarrak, hala dio autogintza industriak, lehen kotxe elektrikoak plazaratuz. Baina beharrezko aldaketak zenbakitan ipiniz gero, kontuak ez dira ateratzen.
iMiEV auto elektrikoa
iMiEV auto elektrikoa

Auto elektrikoak modan daude agintarien hitzetan bederen. Karriketan alerik ikusten ez den arren, haietan omen dago petrolioaren urritzearen irtenbidea eta krisi ekonomikotik ateratzeko osagaietako bat. Baina kotxe elektrikoa gai izango ote da piztu dituen itxaropenak asetzeko?

Galdera horri erantzuten saiatu da Pedro Prieto ingeniaria Crisis Energética gunean. Munduko hedabideetan usu aipatzen dira argindarrak darabiltzan autoen xehetasunak. Crisis Energétican bertan berrikitan plazaratu dira Los límites de la tecnología de almacenamiento de energía, geroxeago Evo Morales busca inversores en Rusia y Francia para explotar el filón del litio eta El coche eléctrico como reemplazo y sus límites. Prietok gaiaren ikuspegi orokorragoa eskaini du, PDF formatuan aurkeztu duen Comentarios del editor mamitsuan.

Prietok gaur egun bizibidea ateratzen du eguzki energiazko aholkuemaile, abeltzain eta hizlari. Baina aurretik Alcatel multinazionalaren barruan erantzukizun handiak eduki zituen Europan. Zorroztasun handiko analisiak egiten ditu beti energiari dagozkion kontuetan.

Kexu da Prieto auto elektrikoen inguruko eztabaida gehienetan auto bakoitzaren arazo teknikoetara mugatzen delako, eta horregatik saiatu da bera ikuspegi orokorrago batetik aztertzen gaia, barne konbustiozko autotik kotxe elektrikorako trantsizioak ekarriko lituzkeen ondorioak osotasunean ikusteko.

Barne konbustiozko autoak, gaur egungoak, naturak sortu duen energia iturririk oparoena erabiltzen du, petrolioa. Gaur ohikoa den bateria, berun-azidozkoa, hartzen badugu unitatetzat, kilo bat petroliok haren 600 halako energia ematen du, kilo bat ikatzek 250-485 halako, eta kilo bat gas naturalek 660 halako.

Hidrokarburo horiek agortze bidean daudelakoan proposatzen dira auto elektrikoak, baina hauek autonomia edukiko baldin badute baterietan metatu behar da argindarra. Ikusi dugunez hauen energi emaria askoz txikiagoa da: litiozko bateria berriek gaurkoen 6 halako ematen dute, eta hipotesirik onenak eskainiko lituzketen zink oxidozkoek 65. Lekutan gaude petrolioaren 600etatik.

Petrolioaren eta gasaren aldean efizientzia energetiko hain txikia duten sistemak orokortu behar balira, zer gertatuko litzateke? Gai hau askoz haratago doa bi kotxeen alderaketa soiletik.

Konparatzeko moduko bi auto alderatu ditu Pedro Prietok. Petrolioz mugitutakoen artean hautatu du Renault Megane bat, 100 kilometrotan 5.6 litro xahutzen dituena. Gasolinazkoa izatekotan teorian 400.000 kilometro korritu arte iraun behar luke eta gasoilezkoa izanez gero 500.000 arte. Baina hori teorian da, errealitatean bataz beste kotxeak ez baitira iristen gaur beren biziraupen maximoaren %50etik askoz aurrerago. Bizi den artean 10.000 litro diesel erreko ditu gaurko autoak, eta horri erantsi behar zaizkio autoa fabrikatzeko beharrezko energia, autoko beste 1.000 litrori legozkiokeenak.

Planetako litio guztia 20 urtetarako

Renault Meganea azterketa honetan Mitsubishi iMiEV kotxe elektrikoarekin alderatu da. Litiozko bateriak darabiltzanez, 200.000 kilometro egin artean hiru bider aldatu beharko zaizkio bateriak autoari, eta denetara 1.350 aldiz utziko da elektrizitatez elikatzen. Alegia, 1.350 aldiz sare elektrikoari loturik edukiko dituzte bateriak argindarren betetzeko.

Baterien litioan datza lehen arazoa. Gaur egun urtero munduan ekoizten diren 50 milioi autoei litizko bateriak ipini behar balitzaizkie, mundu osoko litio ekoizpena gutxienez 6 aldiz –eta agian 10 aldiz– handitu beharko litzateke. Hori bateriak egiteko, alde batera utzita orain arte litioak dituen beste erabilpenak. Berebil elektrikoen baterietarako litioa hain ugari daukalako, Boliviako altiplanoa batzuek izendatu dute “XXI. mendeko Ekialde Hurbila”. Baina Andeetako basamortua litioz gainezka egonagatik, kosta behar litzaioke hainbeste produzitzea, behar diren epe eta kopuruetan. Bestalde, hainbeste milioi bateriatan erabiliz gero, adituek uste dute 20 urte baino gutxiagotan agortuko litzatekeela litioa planetan. Ekologiari egindako kalteak kontutan hartu gabe.

Ahalegin izugarri horren emaitza errentagarria ote litzateke energiaren efizientziatik begiratuta? Gaur munduan 800 milioi kotxe inguru baldin badago, pentsatu behar da urte gutxitan horiek guztiak elektriko izatea. Horra beste paradoxa: kotxe elektrikoak materiale arinagoz egin behar direnez, fabrikatzeko prozesuan orain baino askoz energia gehiago xahutu beharko da. Kilo bat aluminio ekoizteak kilo bat altzairu ekoizteak halako hamar energia erretzen du.

Beste kapitulu batean Prietok aztertu ditu kotxeen bateriak asetzeko elektrizitatea sortu beharko duten iturri berriak martxan jartzeko kosteak. Badirudi gehienik energia eolikora jo beharko litzatekeela, fotovoltaikoa baino askoz eraginkorragoa delako.

Kalkulu guztiak koadro bakarrean laburbildu ondoren, ondorio hauetara iritsi da ingeniaria: “Munduan barne konbustiozko autoen ordez elektrikoak ezartzeak ez dakar energia aurreztea, aitzitik, izugarrizko energia pila eskatzen du 2030 arteko aldaketa prozesuak, eta gastu hori energia fosilez egin beharko litzateke”. Petrolioa aurrezteko, petrolio gehiago erre, alegia. 

Amaieran, Pedro Prietok operazioaren beste bi osagai aipatu ditu, oharkabean uzten direnak. Hasteko, auto berriok ekoizteko fabrika berriak eraiki beharko direla, horrek eskatuko dituen energia eta inbertsio kopuru izugarriekin.

Bestetik, inbertsio izugarrizkoa egin beharko litzateke energiaren garraio eta banaketa sarean. Gaur kotxeak gasolindegietan bazkatzen dira eta elektrikoak elikatzeko egokitu beharko dira. Baina auto elektrikoen bateriak gehienbat gauez eta etxe barruan edo ondoan ase beharko lirateke, etxeetan edo aparkalekuetan. Instalazio berriak beharko lirateke (kobrezko hari askoz lodiagoz eginak), eta oro har sare elektriko guztia aldatzea munduan zehar, tentsio eta kontsumo berriei egokitzeko. Nork ordainduko du?

Kalkuluokin Pedro Prietok, energiaren krisiaz ari diren aditu askok bezala, erakutsi nahi du petrolioaren gailur famatuak errotik astinduko dituela gure zibilizazioak eta ekonomia berrirako trantsizioa ezingo dela egin auto elektrikoak bezalako ikutu kosmetikoekin. Urte gutxi barru jakinen da arrazoi zutenez.

Argazki oina: Argazkian Mitsubishi iMiEV auto elektrikoa. Erreportajean aipatzen diren kalkuluetarako, kotxe hori eta Renault Meganea jarri ditu aurrez aurre Pedro Prietok. Azkenean, auto elektrikoaren etorkizunari buruzko pista bat aurreratu du telefonian banda zabalarekin zer gertatu den esplikatuz. Urte luzez kobrezko hariz lotutako telefonoz komunikatu dira milioika jende munduan eta zuntz optikoa ezartzen hasitakoan, telefono “kobrezkoa” dutenen %2arengana besterik ez da iritsi. Antzekoa gerta liteke autoekin barne konbustiozkoetatik elektrikoetara pasatzerakoan. Energia banaketa sare osoa eskatuko bailuke. Oztopoak tamaina horretakoak badira, petrolioarekin batera agortuko da autoaren demokratizazioaren ehun urteko ametsa.

Informazio gehiago:


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude