I Lan mundua den mundu korapilatuan nenbilen toki onik ezin bilatuan baina portatuz modu espabilatuan mailaz maila joan nintzen gorantz olatuan bukatu nuen arte non eta Lakuan! II Bulego dotorea, soldata bikaina –ia lehengo laneko lau nomina haina–. Itxurak ere izan behar du apaina azkenik korbatari ere hartu tamaina... orain agian berak itoko nau baina. III Diru-poltsak banatzen nahi dugun erara, doan joaten futbol partiduetara, dieta bidez mugitzen hona eta hara, hegazkinera eta afarietara ez genuen nahi baina... ohitu egin gara. IV Beheranzko pausua modu apalean eman arren, nork nahi nau bere magalean? Nola nahastuko naiz haiekin kalean...? Oraindik segi behar dut eginahalean. Ahal dela emango dut horizontalean. V Bulegoko atetik begira gelditu ta benetan noanik ez zait iruditu. Mahai gaineko plakak ezin hor segitu hartu ta urtetako hauts denak garbitu... datorrenak hainbeste bilduko al ditu? VI Taxiari hots egin, ateari buelta... jaioterrirantz noa karta bat gordeta. Nostalgiaz beterik egin dut maleta baina kontuan hartuz gaurko aldaketa badaezpada sartu dut panazko txaketa. Doinua: Bizkaiko aberatsak.
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa