Astekaria

 Liburuak 

Zazpi beloen dantza

Irudia

Amaia Alvarez Uria


2181. alea
2009-04-26
alde 0    kontra 0

Miren Agur Meabe ::Zer da ba, maitasuna?

Elkar

Orrialdeak ::156

prezioa ::13.20€

Azaletik irakurtzen badugu liburu hau, nerabeen arteko maitasun istorio bat topatuko dugu. Hasierako maitemintzeak dakartzan zalantza eta irrikak agertzen zaizkigu bi protagonisten egunerokoetan. Baina kanpoko azala kentzen badugu eta barrukoen bila hasten bagara askoz gehiago kontatuko digu testu honek, zazpi beloen dantzan bezala.

Bigarren beloan konturatuko gara liburuaren azalean agertzen zaigun galderari erantzuten zaiola, alde ugari dituen gai honi hamaika definizio emanez. Hirugarren beloak erakutsiko digu ez dela hasieratik amaierara jarraian irakurri behar: protagonista batek liburuaren erdi bat eta besteak beste erdia daukatelako euren testigantzak papereratzeko, istorio beraren bi bertsio kontatzeko. Gainera testuari ilustrazioek lagunduko diote bi egileen lana uztartuz eta arte desberdinak batuz.

Honek laugarren belora garamatza, lan honetan barna, literaturari buruzko aipuez gain musika eta margolanak ere agertzen direlako: Silvio, Chagall eta Li Po dira aipatuenak. Bosgarren beloa ere sorkuntza lanei keinuka ari da, baina oraingoan euskaraz idatzitako eta emakumeek egindako lanei begira jartzen da tradizio hauei bere ekarpena aitortuz.

Seigarren beloan bi estilo ditugu aukeran, bizitzari eta maitasunari poetikoki ala ironikoki begiratzeko moduak. Honen atzean kritika soziala dago, ikuspegi lokala eta globala dakartzana: gure protagonistak pribilegiatuak direla ondorioztatzen da honekin, jaio diren leku eta baldintzei erreparatzen diegunean. Zazpigarrenean, azkenik, lan honek dakarren mezua –edo mezuetako bat– dago: maitasuna da bizitzeko eta komunikatzeko motorra.

Protagonistetako batek bere burua deskribatzeko hurrengoa dio: Lehen kategoriako zibilizatu eskolatua. Agian hau da gutxien ase gaituena. Betiko pertsonaiek betiko istorioa kontatzen dutela. Bestelako errealitateak, bestelako pertsonaiak eta bestelako maitasun istorioak kanpoan geratu direla, beste behin. Hala ere, asko eskertzen da errealismoa eta fantasia elkartu nahia, lan berean bietatik jasotzeko aukera. Lirika eta epikaren elkarbizitza orriotan.

Zazpi beloen dantzarekin gerta daitekeena da hainbeste azalen artean korapilatzea, baina horrek berak ematen dio xarma eta aberastasuna lan honi. Palinpsestoa egin digute bi esku hauek, irudiak hitzetan eta hitzak irudietan ekarriz. Zabaltzen dituzten ateetatik sartzeko gonbitea luzatzen dizuegu. Hasteko Silvio Rodriguezen Kapeladun emakumearen olioa kantua entzun eta zabal ezazue lehen beloa.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza