Astekaria

 Bestelakoak 

Hizkuntzari begiratzeko moduez

Dabid Anaut

Dabid Anaut


2181. alea
2009-04-26
alde 0    kontra 0
Dabid Anaut
(Karlos Corbella)

Geure burua hizkuntzan –euskaran, demagun– kokatu, eta kanpora edo barrura begira jar gaitezke. Kanpora begira jarriz gero, munduko gainerako hizkuntzak ikusiko ditugu: hizkuntza aniztasuna, munduko hizkuntzen aberastasuna, hizkuntzen mapa koloretsua. Eta barrura begira jarriz gero, gramatikari edo sintaxiari begira esaterako, hara! Eta orduan ere munduko gainerako hizkuntza guztiak ikusiko ditugu, “azalean” dituzten desberdintasunak gorabehera, bakartzat jo genezakeen egitura eta printzipio unibertsalak ikusiko ditugulako. Euskararen barru-barruko egitura edo hezurdura ikusten dugun tokian, euskaldun bakoitzaren hizkuntza-gaitasuna ikusten dugun tokian, munduko gainerako hizkuntzen hezurdura eta munduko gainerako hiztunen hizkuntza gaitasuna ikus genitzake.

Kanpora begiratzea ariketa ederra da, eta ezberdintasuna, aniztasuna, koloreak... erakargarriak dira oso. Ederra da gizaldietan barna hainbeste hiztunek eta hiztun-taldek gauzak esateko, sentimenduak adierazteko, ideiak ordenatzeko, emozioak partekatzeko... eraiki dituzten molde ezberdin guztiak dastatzea edo usaintzea. Baina barrura begiratzea ere ederra da, eta kitzikagarria da ustez sinplea den esaldi baten atzean dagoen konplexutasuna izugarria eta miresgarria sumatzea edo ulertzen saiatzea. Eta pertsonak hainbeste hizkuntza eta hainbesteko aberastasuna sortu duela ikustea txundigarria den bezalaxe, zeharo txundigarria ere da hizkuntza bezain sistema konplexua sortu izana eta hura gainera hain modu natural eta errazean erabiltzea. Edo liluragarria da burmuinaren atal jakinek edo FOXP2 bezalako geneek hizkuntza ekoizpenarekin izan lezaketen loturaren berri izatea.

Sarritan, hizkuntzari begiratzeko bi modu horiek, kontrajarriak baleude bezala agertu zaizkigu. Eta, nago, bigarren modua da, barrura begiratzeko hori alegia, hoztasunaren eta usain akademiko-zientifiko hutsaren marka gehien bereganatu duena, nahiz eta kanpora begirako hori ere deskribaketa eta estatistika soilean gelditu izan den askotan.

Baina nik esanen nuke bi ikuspegi horiek, bakoitzak izan litzakeen ñabardura, zehaztapen edo berezitasunak gorabehera, ez direla batere kontrajarriak. Are gehiago, esanen nuke ez dela batere zaila norbera bietan kokatzea, eta hizkuntzari bi talaia horietatik begiratzea; eta litekeena da, gainera, biak ere guregan lilura, emozio-une edo txinparta txikiak nahiz handiak eragiteko eta sortzeko gai izatea.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia