Astekaria

 Liburuak 

Esnatzean

Igor Estankona

Igor Estankona


2180. alea
2009-04-12
alde 0    kontra 0

Txili Lauzirika ::Tatuaia bat ene begietan

Susa

orrialdeak ::92

prezioa ::12€

“Goizean esnatzean/ izarak bezala/ tolesturez beteak daude/ gure ametsak”.

Liburuari akabera ematen dion haiku antzeko honek laburbiltzen du Txili Lauzirikaren ahalegina bere Tatuaia bat ene begietan berezi honetan. Denbora (“goizean esnatzean”), gauzen erlatibitatea (“tolesturak”), eta gizakiak dituen askatasun, maitasun, aldaketa ametsak (“gure ametsak”).

Batzutan pentsamenduek gauzen gordintasuna jabaltzen dute, eta liburuek pertsonena. Tatuaia bat ene begietan prudentzia handiarekin idatzitako liburua da, ez da poesia bat zabal-zabalik eta sentimendua dariola dagoena. Tatuaia bat ene begietan da ariketa estilistiko bat, burrukaren eta maitasunaren aldekoa, baina bietan edertasuna bezala eskarmentua aurkitu duen poeta arrazional batek egindakoa. Ariketa baten antzekoa da, poetak bakarrean egiten duena, bere burua hobeto kokatzeko mundu hain aldakor honetan. Horregatik da interesgarria, baina horregatik da gozamena ere erlatiboa. Ez bero ez hotz, zero graduan mantentzen den poemarioa da, irakurleak enpatia sano handia sentitzen ez badu behintzat idazlearen kezkekiko.

Eta hala ere badauka liburuak asko emateko, edozeinentzat, hartzen badaki behintzat. Idazkera fin eta zailaren aldekoek esango dute poemek buelta pare bat gehiago merezi dutela, baina hori ere ez da izaten beti horrela: freskotasuna galtzen dute askotan gauzek, lar igurtziz gero. Urteko ardo berde alaiaren aldekoak direnek gozatuko dute gehiago, poesia datorren moduan papereraturik dago-eta maiz. Adibidetzat, eta hobeto ulertzeko, Egun berri bat etorriko da poemaren zatitxo bat hona ekartzea nahikoa da: “3 edo 4 argazki poster 1/ eta norbaiti ostutako hitzak/ gutun bakan batzuetan tristura/ mukizapien alboan part botata”. Zenbakien erabilera hori, enumerazio kaotiko xamarrak, onomatopeiak… surrealismoari asko zor dio Txili Lauzirikaren idazkerak. Artistikoki atsegin ditu eite libre eta onirikoak, baina mezuak, berriro diogu, gehiago dauka arrazionaletik. Bat egiten dute liburuan mezuaren komunikazio hutsak eta sorpresa eta esperimentazioaren nahiak.

Ez ote da izango azken buruan Tatuaia bat ene begietan Txili Lauzirikak bere buruarentzat idatzitako zerbait, ikerketa poetiko bat bere nortasunaren ingurukoa?

Ez al dugu guztiok gauza bera egiten esnatzen garen bakoitzean; gure buruari galdetu ea zoriontsuak garen, eta beste bost minutu eskaini loari, ametsei? “Emaizkidan 5 minutu/ behingoz bada ere/ amets egiteko”.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza