2009-04-05 -- 2179.zenb
Fresnesen espetxeratuta dagoen Marixol Iparragirre eskoriatzarrak eta Arrasateko preso ohi Joseba Garitaonaindiak Malbe Alejandro Iturbe Aranaren bizitza liburua idatzi eta euren kabuz argitaratu dute. Leintz ibarrean 1920ko hamarkadan bizi izandako artzain polemiko eta aurrerakoiaren bizitza jaso dute.
Askotan esan ohi da garena eta izango garena jakiteko ezinbestekoa dela iragana ezagutu eta horretaz ikastea. Ba, ezer gutxi dakigu Euskal Herrira erabateko industrializazioa iritsi aurretik gurean genuen bizimodu eta usadion inguruan. Gure aitona-amonak nola bizi ziren ia ahaztuta daukagu, dagoeneko. Gainera, historiako bestelako tesi eta ikerketak egiten ditugun arren, hurbil-hurbilekoa ez dago hain jasoa, eta galtzera ere iritsi daiteke.
Malbe Alejandro Iturbe Aranaren bizitza lanaren bi autoreek, Marixol Iparragirrek eta Joseba Garitaonaindiak, 1888an Bedoña auzoan –bere garaian Aretxabaleta, eta gaur egun Arrasate– jaiotako Malberen nondik norakoak jaso dituzte; eta bide batez, Leintz ibarrean sasoi hartan zeramaten bizimodua ekarri dute gurera, XXI. mendera.
Magalbe baserrian jaio eta bizi izandako gizon hau oso ezaguna egin zen XX. mendearen erdialdean. Horretan eragina izan zuen bere izateko modu independente, borrokalari eta jarrera irmoak. Gauzak argi zituenean, ez zegoen hura geldituko zuenik. Adibidez, emaztegai izateko gertu zeuden hainbat emakume izan zituen arren, mutil-zahar gelditu zen, garai hartan ezkondu gabe bizi nahi zuelako.
Alejandro Iturbe ezagutu zutenek gogoan daukaten beste gauza bat da Malbek hil artean ahotan izan zuen aldarrikapena: ¡Aguas y pastos libres! (Urak eta larreak aske!). Bedoñarra artzaina zen, eta ika-mika, liskar eta epaiketa ugari izan zituen, iraganean herri-lurrak izan ziren larre eta basoetan bazkatzera eramaten zuelako bere artaldea.
Horren harira, liburuaren egileek Euskal Herriko hainbat artxibategi arakatu dituzte ¡Aguas y pastos libres! delako aldarrikapenaren nondik norakoak eta iturria ezagutu ahal izateko. Aurkitutakoaren arabera, historiak arrazoia eman beharko zion Malberi. Hala egiaztatzen dute, adibidez, Oñatiko Protokolo Artxiboan aurkitutako hainbat dokumentuk. Hor jasotakoaren arabera, iraganean, gerra-denboratan orduko gobernuek behartuta eta herriak txirotuta, hainbat udalek herri-lurrak saldu behar izan zituztenean, lurren erabilerarako baldintza zehatz batzuk jarri zituzten, gaur egun betetzen ez direnak. Hala nola, herri-lurrak izandakoak ezin direla hesiz itxi eta ur eta larreak erabiltzeko aukera izan behar dela.
Egileek jakin ezin izan dutena da Malbek nolatan zekien hori, berez baldintza horiek Gerra Karlisten sasoian hitzartu ziren-eta. Are gehiago, Iturbek gogor borrokatu zuen eskubide horien alde. Hala, beste lur-jabe batzuekin ikaragarrizko borrokak eduki zituen, basozainek ganadua hil zioten, epaiketa asko izan zituen, beste lur-jabe bati baserri alboan dinamitaz lehergailua jarri zion, eta hainbat hilabetez Martutenen espetxeratu zuten, besteak beste.
Lan hau egiteko artxibategietan egindako aurkikuntzek bazter asko nahastuko dituztela uste dute liburuaren egileek eta Leintz ibarreko zenbait baserritarrek eta artzainek. Izan ere, herri-lurren gaineko eskubide eta eskuduntzak argitara ateratzeak hainbat aldaketa ekar ditzake.
Liburuak 100 orrialdetik gora ditu eta euskaraz idatzi dute; are gehiago, egileek ahalegina egin dute Leintz ibarreko euskalkian idazteko. “Testigantza gehienak hala jaso ditugu, eta pentsatu dugu polita dela liburuak ere horrela jasotzea”, azaldu du Garitaonaindiak. Malberen soslaia eta abenturak batzeko, hainbat eta hainbat artzain eta baserritarrekin egon dira.
Egileek Alejandro Iturberen dozenaka pasarte, burugogorkeria, xelebrekeria, borroka eta lorpen bildu dituzten heinean –Leintz ibarrean askok gogoratzen dute suge bat jan zuenekoa eta halako beste hainbat, nahiz eta kasu gehienetan ez dakiten egia ala kondaira den–; bide batez, gure baserrietan nola lan egiten zuten, zer jaten zuten edo zer ohitura zituzten jaso dute. Eta horrek jada altxor bihurtzen du lan hau, gainontzeko belaunaldietarako, interesa dutenentzako behintzat, ezinbestekoa delako.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa