Astekaria

 Diskoak 

Betiko rock kantuak txarangaren iragazkiak aberastuta

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2178. alea
2009-03-29
alde 0    kontra 0

Bonberenea Txaranga ::Rocka ta urrezko komuna

Bonberenea ekintzak

iraupena ::41´14´´

prezioa ::13.50€

Tolosako Bonberenea gaztetxeko ekimenek zur eta lur uzten gaituzte lortzen dituzten emaitzekin eta duten irudimenarekin; beste horrenbeste gertatu zaigu gaztetxe horretan sortu eta garatutako txarangarekin. Nork esango luke txaranga batena denboraldiko disko kuttuna bihurtuko litzatekeenik? Musikari gazte hauek etxean, tabernetan, txosnetan zein gaztetxean urteetan entzundako rock kantu ezagunenen artean aukeraketa egin eta “txarangatu” egin dituzte. Hala, Ramones, Piperrak, RIP, La Polla, The Ventures, Mano Negra eta Su Ta Gar bertsioneatu dituzte, besteak beste. Hitzak falta dira, jakina, baina kantuen esentzia hor dago eta oso erraz antzematen da zer kantu den, hori bai, bestelako ñabardurekin. Horrez gain, Balkanetako taldeei omenaldia eta kantu bana ere batu dituzte bigarren diskoan.

«Bonberenearen oinarria rocka da, eta hortik abiatuta egin genuen txarangaren apustua»

Noiz sortu zenuten txaranga?

Orain dela sei urte sortu genuen. Ideia Bonbereneako urtemugaren bazkarian piztu zitzaigun. Tolosan txarangen tradizio handia dago eta gutako batzuk musika eskolan genbiltzan. Hala, musikari gazte batzuk batu eta hurrengo urtemugan kalejira egin genuen 15 bat lagunek. Helburua zen giroa alaitzea eta herrian gaztetxearekiko arreta deitzea.

Gerora asko handitu da txaranga, ezta?

2003. urtetik ekitaldi gehiagotan esku hartu dugu, eta horrek jende asko batu arazi du. Zailena izan zen San Juanetako koadrila egunean musikariak batzea, gehienak elkarteetako txarangekin irteten zirelako. Horrekin batera, Deabruak Teilatuetan taldeak idatzitako Bonberenea kantua moldatzen hasi ginen. Sasoi horretan asko indartu zen taldea eta gaur egun 30 bat kide gara.

Zerk bereizten du Bonbereneakoa beste txaranga batzuengandik, gaztetasunak?

Bai, batez ere gazteek osatzen duten txaranga dela. Gehienok 27 bat urte ditugu eta gazteenek 15-16 urte. Horrek jai desberdinetara joateko mugatzen gaitu, baina moldatzen gara.

Lehenengo diskoa txarangen ohiko kantuekin egin zenuten, baina bigarrena egiteko rock kantuetatik tiratu duzue...

Bai. Lehenengo diskoa kaleratu ostean, pentsatu genuen hurrengoan zerbait desberdina egin behar genuela. Hala, Bonberenearen oinarria rocka denez hortik egin genuen apustua; hori bai, saiatu gara jende gehienak ezagutzen dituen kantuak interpretatzen.

Oharkabean Elekrotuna edo Orkresta Nazionalari konpetentzia egiteko moduan zaudete...

Baliteke, baina ez da inola ere ez gure helburua. Egia da jendeak oso harrera ona egin digula, batez ere eskaintza desberdina delako. Aipatu beharra dago diskoaz gain, liburu bat eta DVD bat ere kaleratu ditugula, eta bertan disko honetako kantu guztien partiturak sartu ditugu beste talde batzuek ere jo ditzaten.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza