"Klasikoa izatea ez da nire aspirazioa"

  • Habitat: iz. EKOL. eta LIT.1) Indibiduo, populazio, espezie edo espezie-multzo baten bizilekua, baldintza fisiko konkretu batzuk mugatutako ingurunea dena. 2) Katixa Agirreren (Gasteiz, 1981) bigarren ipuin liburuaren titulua: Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Igartza bekaren irabazlea; hiriko humano espezieen bizilekuak ardatz dituena; eta martxoaren 26arekin Beasaingo Igartza jauregian aurkeztuko dena, bekaren XII. edizioarekin batera.
Katixa Agirre
Habitat liburuko azalean ageri den sofa Agirrerena ote den jakiteko gogoz hurbildu ginen Bilbora, bere etxera. Eta, ez, ez da bere etxeko sofa azalekoa.Lander Arbelaitz

Etxebizitza: belaunaldi oso baten obsesioa. Zure ipuinei ez diezu jarri edozelako markoa. Hasieratik argi al zeneukan gai horretaz idatzi nahi zenuela?


Bai, Igartza bekarekin egin dut liburua, eta aurkeztu nuen proiektuan jada argi zegoen ideia hori; eta gainera, nahi nuen ideia orokor bat eduki, proiektu bezala erakargarriagoa delako eta uste nuelako geroko elkarrizketei begira ere gai orokor bat izateak lagunduko zidala (kar, kar, kar). Alde horretatik aurreko liburuarekin izan nuen esperientzia ez zen izan hain ona, ipuinetako gaiekin loturak bilatu –eta bortxatu– behar izan nituen, eta oraingoan esan nuen: ez; proiekturako nahi dut ideia orokor bat. Ideia hori salgarriagoa egiteko, batetik; baita, bestetik, banekielako etxeak emango zidala libururako, ez nuela batere mugatzen nire burua gai hori aukeratuz.


Aurrekoaren esperientzia txarra aitatu duzu...


Tira, txarra... Galdetzen dizute, teorizatu behar duzu liburuaz. Hori, ez badizute inoiz galdetu, ez duzu inoiz egin, eta asmatu behar duzu teoria osoa: “nik honekin esan nahi nuen hau, eta guztien atzean halako hausnarketa sakona dago...”. Eta hori ez da egia. Azkenean ohitzen zara eta ikasi egiten duzu.


Orain ulertzen ditut hobeto kazetarien galderez irakurri dizkizudan kexak!


Tira, kexa horiek bere testuinguruan ulertu behar dira: zenbat medio dauden, zer baldintzatan ari diren kazetariak lanean... Kazetariek ere izango dituzue zuen kexak, ezta?


Bueno... Ondo kexatua zegoen, nire ustez.


Gainera elkarrizketa asko egiten dira, pila bat: irrati lokal bat handik, eskualdeko aldizkari bat hemendik... Hogeigarrenerako nekatzen hasten zara, pixka bat behintzat.

Bigarren liburua arriskutsua da idazlearentzat, ezta? Esan nahi dut, aurrenekoarekin sorpresa alde duzu; honekin zerbait gehiago eskatuko dizu irakurleak.


Eskertuko nuke eskatzen badidate. Ez dut zuribiderik nahi: lehenengoarekin gerta liteke jendeak esatea, “lehenengoa da, barkatuko dizugu”; oraingoan nahi dut liburua bere horretan epaitzea. Harro nago liburuaz, eman nahi nuena eman dut, eta lasai nago alde horretatik.


Igartza bekarekin idatzi duzula esan dugu. Urtebeteko epea izan duzu liburua idazteko. Zer moduz idazten da presiopean?


Ohituta nago, prentsan asko kolaboratzen dut eta entrega-datak estuagoak dira. Kasu honetan epea ez da hain zorrotza, hilabete bat gehiago pasatzen bazaizu ere, ez da ezer gertatzen. Gainera ipuin-liburua da; nobela balitz okerragoa litzateke, ze, nobela ez baduzu bukatu zer? Baina Habitaten kasuan ni ipuinak idazten ibili naiz eta halako batean epea bukatu da... Banituen beste batzuk, eta kendu egin ditut. Horregatik ez nuen nobela proiektu bat aurkeztu nahi, horretarako beste modu batean, lasaiago idatziko nukeen.

Nobela aipatu duzunez, ipuinak irakurtzean izan dudan inpresio bat azaldu nahi dizut: pertsonaiei eman diezun testuinguruagatik, istorioen luzeragatik... Iruditu zait ipuingile batena baino, nobelagile baten eskua dagoela atzean. Esan egia: hurrengo liburua nobela bat izango da.


Ez dakit, ez dut uste hala denik... Nobelarako ideia bat izango banu nobela idatziko nuke. Baina orain arte izan ditudan ideiek horraino eraman naute. Gainera denetariko iritziak izan ditut: batzuek esan didate “luzatu daitezke eta nobela egin”; besteek “keba, motzago egin behar zenituen, galdu duzu ipuinaren abantaila, indarra galdu dute...”. Nik uste dut bere horretan ondo daudela. Egia da metodo aldetik ez direla ipuin labur klasikoak. Arnas luzeagokoak dira, denboran garapenak ematen dira, pertsonaietan aldaketak... Lauzpabost orriko ipuin tradizionalaren eta nobelaren arteko zerbait da.

Kontrako iritzia ere jaso duzu beraz, laburragoak izan behar zutela ipuinek, alegia.


Bai, baina uste dut izan dela aurreiritzi baten ondorioz; badagoelako ipuinaren ideia bat: izan behar duela motza, agertzen diren elementu guztiek bukaerara bideratuta egon behar dutela, eta bukaeran eman behar duzula kolpea. Hori da ipuinaren ideia ortodoxo bat, gaur egun ez duzu zertan hori egin. Habitatekoak hibrido bat dira, ipuin laburra eta nobelaren artekoak.


Eta hibrido horiek sortzerakoan zein izan dituzu erreferentzia? Ze ipuin klasikoan beti azaltzen dira izen batzuk: Txekhov, Poe, Maupassant... Baina tarteko bide honetan, ez dakit erreferente hain argiak dauden.


Denboran gertuago dauden erreferentziak dira beharbada... Eta iparamerikarrak batez ere –tira, Poe ere hangoa zen–. Gaur egun eremu anglosaxoian egiten den ipuin mota bat da.


Etxeaz gain, bikote harremanak jorratzen dituzte ipuin gehienek...


... bai? Ez nago oso ados... Bakarra da bikote harremanei buruzkoa: Jaun eta jabe.

Guy Fauwkesen traizioan ere ageri da gaia...


... baina hor bikotekidea ez da agertzen, gehiago da emakumearen harremana bikotearen semearekin...

Barka tematzea, baina...


...ea konbentzitzen nauzun...

...bikotea zuzenean ez azalduta ere, badago harreman horien agerpen, nola esan... fantasmagoriko bat, ezta?


Egia da etxean kokatuta egonda, ipuinetan bikoteak azaltzea normala dela. Baina nire asmoa ez zen hori. Nik gaur egungo familia mota desberdinak erakutsi nahi nituen, baita bakarrik bizi den jendea ere. Gaur egun oso ohikoa da etxe batean pertsona bakarra bizitzea, eta hori ez zen oso ohikoa beste garai batzuetan.


Denboran atzera-aurrera ugari dituzte ipuinek, baina ia ez igartzeko moduan daude emanda. Ahalegin berezia eskatu dizu horrek?


Uste dut horretan badudala nolabaiteko abilidadea: behin informazio guztia nire buruan argi dudanean, informazio hori dosifikatzea ez zait asko kostatzen. Ipuin luzeak daukan abantailetako bat da hori, laburrean ezin duzu hainbeste informazio eman. Hauetan berriz, hasten zara, atzera egiten duzu, garatzen duzu...

Hosting ipuinak T4aren kontrako atentatuaz hitz egiten du. Gainontzekoetan ere, data hain konkreturik ez eduki arren, denbora presentea nagusi. Hori ere ez da intentziorik gabekoa izango.

 


Ez noski, argi neukan gaur egungo gizartea irudikatu nahi nuela. Baina gauza bat da hori, eta beste bat gaur egun bakarrik irakurtzeko liburu bat izatea. Etxebizitzarekin dagoen problematika, arazo laboralak eta antzeko gaiak landu nahi nituen, guztientzat oso identifikagarriak, baina era berean, ez nuke nahi hemendik bi urtera erabat desfasatuta geratuko den liburua idatzi... eta seguruena desfasatuta egongo da bi urte barru, baina... ez nuke hori nahi.


Kezkatuta zaude liburuak ibilbide laburra izan dezakeelako ala?


Ez, badakit laburra izango duela (kar, kar, kar). Azken finean, euskarazko liburu bat... liburu guztiek, orokorrean, gaur egun oso ibilbide motza izaten dute. Nire aspirazioa ez da klasikoa izatea; beharbada izan beharko luke (kar, kar, kar). Baina badakigu merkatuak nola markatzen duen liburuaren ibilbidea: dendetan berehala desagertzen dira liburuak, nobedadeak bakarrik daude.


Eta zuk onartzen duzu hori?


Merkatua horrela dagoela? Bai. Baina horrek ez du esan nahi zuk momentuan bakarrik pentsatuz idaztea.

Blog berria zabaldu duzu Habitat argitaratzearekin batera. Nola ikusten duzu idazle-blogari harremana? Benetan aldatuko al du idazkera Internetek?


Tira, bloga bukatzear dago, ezta? Hori irakurri dut behintzat (kar, kar, kar), zaharrentzako kontu bat dela, gaur egungo gazteek bestelako kezkak dituztela. Ba, ez dakit idazteko modua aldatuko den...


Galdetzen dizut, libururik argitaratu aurretik zu bazinelako blogari.


Bai, baina nire blogari jardun hori gehiago parekatzen dut zutabegintzarekin. Blogaren ezaugarriak publikotasuna eta bat-batekotasuna dira, eta nik ez dizkiot ikusten ezaugarri horiek literaturari. Nik ez nuke ipuin bat idatzi eta publiko jarriko, “ea, komentarioak bota” esanda; hori oso arriskutsua da. Eta bat-batekotasuna ere... literaturan patxada gehiago behar da. Baina zenbait gauzetan nabaritzen da eragina: fragmentazioan adibidez. Gaur egungo literaturan ikusten da, ez bakarrik ipuinetan, baita nobeletan ere: Kapituluak geroz eta laburragoak dira, horrelakoak dira best-seller-ak.

ASTEKARIA
2009ko martxoaren 29a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude