Astekaria

 Deabruaren abokatua 

Izaskun Zubizarreta

“Euskaldunok maldan gora hobeto moldatzen gara maldan behera baino”

Lasterketa asko irabazi ditu mendian, beti ere eskien gainean. Azkena, Espainiako Kopa... Tourmalet inguruan!

Irudia

Fermin Etxegoien


2178. alea
2009-03-29
alde 0    kontra 0
Izaskun Zubizarreta
(Batiste Ezeiza)

Txapeldun handia zaitugu mendiko eskian...

Euskadin bai, Espainian ez horrenbeste, eta Europan ezer ez.
 

Zurea ez da fondo eskia bezain aspergarria, ezta alpinoa bezain ”pijoa” ere...

Fondoa, ez nuke esango aspergarria denik. Eta alpinoa, “pijoa”... Egia esan badaude halakoak, baina gaur egun denetarik ikusten da. Mendiko eskia neguan mendian ibiltzeko modu bat da.
 

Dena den, susmoa daukat eski alpinoa kirol “pijoa” izan zela... euskaldunok Luz-era “masiboki” joaten hasi ginen arte!

Frantzian eski alpinorako erraztasun gehiago daude Espainian baino, eta horrek lagundu du euskaldun asko eski alpinoan hasteko.
 

Erromantiko batzuek uste dute mendiak “libre” behar lukeela lehia kontuetatik...

Batak ez du bestea kentzen eta biak elkar eraman daitezke, elkar errespetatuz. Euskal kirolak orokorrean oso lehiakorrak dira. Zergatik ez mendian?
 

Paisaiaz gozatzeko astirik izaten al duzu?

Ez gehiegi, baina beti zerbait gelditzen da, lasterketak luzeak baitira. Dena den, egun batzuk lehenago lasterketa egingo den lekura joaten gara, eskualdea ezagutzera, eta oso leku politak ezagutu ditut.
 

Oso azkar igotzen dituzue maldak, baina jaisterakoan baldar ugari egoten da zuen artean. Mundua alderantziz!

Euskaldunok maldan gora hobeto moldatzen gara maldan behera baino, Alpeetako eskiatzaileekin konparatuz. Beraiek elurra etxeko atarian daukate, guk ordea urruti baino urrutiago.
 

Zenbat aldiz bidaiatu behar izan duzu Alpeetaraino aurtengo neguan?

Alpeetara bi aldiz, baina Dolomitetara lau, eta oraindik beste hiru bidaia gelditzen zaizkit, hemendik hamabost egunera Austriara eta beste bi bidaia Italiara, denboraldia bukatzeko.
 

Furgonetan bizi den beste euskal mendizale bat zara, beraz... Zuek al zaituztegu independentziaren metafora?

Furgonetak kristoren askatasuna ematen du, etxea gainean daramagu, berdin zaigu iritsi edo ez iritsi, ordua, eguraldia... Suitzan, Andorran, Italian... furgoneta da gure etxea eta bertan denetarik daukagu.

Duda egiten hasi al zara aldaketa klimatikoaz?
Egia esan, aurtengo negua ikusita ezbaian jartzekoa da. Uste dut klimari dagokionez ziklo desberdinak daudela. Ea hurrengo urtea aurtengoa bezain hotza eta elurtsua den!

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia