I Ederki asko dakit zure helbidea: Eroskiren pareko izkina gordea San Antonio 20, portal dotorea laugarren solairuko eskubialdea aspaldidanik daki honako bidea. II Baina biderik ez dut egingo luzaro hemen geldi zure zain gustora bainago bihurtu nahi dut zure bihotzeko faro zu maitatzen baitzaitut mugaz haratago nire denbora baino dezente gehiago. III Nahiz nagoen zure zain ta zugatik itsu ez dakit Nora, Miren edo zein zaren zu eta pare-parean nauzun arren usu guzti hori zuretzat da nahiko berdintsu existitzen naizenik ere ez dakizu. IV Gauaren zain pasatu ohi dut nik eguna zure zain pasatzeko gauaren iluna nahiz saiatu bihotza bihurtzen beruna onartzen ez dut erraz izaten, kuttuna, oso izan nahi duen erdi-maitasuna. V Erlojuak jotzean hamaikak ta piko so egoten naiz ea zu noiz ikusiko, zaborra botatzera ea noiz jaitsiko... Baina berriz etxera zoazen aldiko iruditzen zait joan zarela betiko. VI Zuretzat bizitzea bihurtu zait lege. Beti egon ez nadin ni zure titere akatsak ateratzen saiatzen naiz trebe baina bihotzak ez dit egiten mesede hain zara perfektua pijamatan ere... VII Usu gertu izaten dut zure itzala baina oharkabean zoaz berehala hala ere, zurekin gurutzatu ahala koloretan jartzen zait masailen azala bonbila erraldoi bat banintza bezala. VIII Zure adats horia zaila daukat belzten, zure begi argiei argirik ezin ken aukeraren bat banu halakoren baten hasiko nintzateke guztia ematen beti distira bera eduki dezaten. IX Inoiz ikusten zaitut irriz, alegera hurbiltzen senarraren besoen artera ta berari musu bat ematez batera zaborrarekin egin ohi duzun antzera bihotza amiltzen zait kontenedorera. X Deklaratzeko badut nahikoa bertute “maite zaitut” bat jaurtiz beste baten truke nahiz zain daramazkidan horrenbeste urte saiatuko naizenik keba, ez dut uste! Farola bat ez banintz probatuko nuke. XI Jada hil didazunez bihotzan erdia pixkanaka itzaltzen ari zait argia izpiak malkotzeaz kexu da begia zu gabe mundu hau da ezereza ia: argitzen jarraitzeko beltza, beltzegia... Doinua: Lagundurikan danoi.
Amaia Iturrioz2009-03-29 |