Astekaria

 Bestelakoak 

Frantses tokiko instituzioen erreforma

Frantziako Estatuko lurralde elkargoen erreforma gogoetatzeko sortu zen Balladur izeneko batzordeak bere lana argitaratu du. Proposatzen dituen 20 neurriek polemika franko piztu dituzte Frantzian barna. Oraiko sistema korapilo hutsa baldin bada eta herritarren gehiengoa sinplifikazioaren alde agertzen bada, argi da urtetako botere gune eta batzuen abantailak inarrosten dituela.   Txostenak proposatzen duenaren eta udazkenean legeak xedatuko duenaren artean diferentzia handiak izaten ahal direla jakinik ere, erreforma honek aukera nahiz mehatxuz beteriko erronka berriak sortzen ditu: hauteskunde-barrutien birmoldaketa, herri ordezkariak hautatzeko moldeak, lurralde elkargoen arteko eskumenen banaketa edota horien ditu iturrien sistemak, horiek guztiek epe ertain eta luzean bizitza politikoaren ibilmodea aldatuko dute.   Baina Euskal Herriko herritarrentzat erronka nagusia epe motzean kokatzen da, hots hemendik legea bozkatu bitartean. Txosten honetan nehon ez da Euskal Herria aipatzen. Korsika, Alsazia eta itsasoz gaindiko lurraldeak aipatzen dira, Erregioen mugak aldatzeko eskaerak ere bai, Bretainiako kasuari erreferentzia inplizitua eginez. Euskal Herriaz deus ez. Alta non izan da 1996tik hona hemen baino, instituzio baten aldeko mobilizazio iraunkor eta zabalagorik?   Are gehiago, Hautetsien eta Garapen kontseiluetako delegazioak Balladurren esku utzi zuen txostenean aipaturiko arriskuak konfirmatzen dira. Laburbiltzeko, ez da inongo proposamen edo prozedurarik Euskal Herriari ezagupen instituzionala aitortzeko. Probabilitate handia bada instituzioen erreforma honek Euskal Herriari deus berezirik ez ekartzeko, 2002an deserdiratze legearekin gertatu bezala. Aldiz erreformak zaildu edo oinarririk gabe utziko ditu azken urteetan sortu prozedurak eta sasi-erakundeak, hain zuzen askotan instituzio baten premia ukatzeko erabiliak izan direnak.   Ondoko hilabeteetan erreforma horri buruzko eztabaida Euskal Herrian, Iparraldeko ezagupen instituzionalaren inguruan kokatu beharko da. Azken urteetan mobilizatu ziren sektoreez gain, orain arte sasi-erakunde, Antolaketa Eskema eta Lurralde kontratuekin asetu zirenek ere badute zer erran eta zer egin. Hautetsien nahiz herritarren aldetik, karrikan nahiz erakundeetan ahots ozen eta bakarra entzunarazi behar da: Ipar Euskal Herriak berezko instituzioa behar du orain!

Jakes Bortairu

Jakes Bortairu


2178. alea
2009-03-29
alde 0    kontra 0
Jakes Bortairu
(Dani Blanco)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza